Zenbat dakite lehiakideek LaRoita erronkaz?

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 2a

Elgoibarko gazteen artean ez dago LaRoitaren erronka ezagutzen ez duenik. Lehen bost edizioetan hazi eta hazi egin da kirol proba, eta honen inguruko jaia. Iaz emakumezkoak aritu ziren lehian lehendabizikoz (Nerea Sasiain eta Ainara Burunza); aurten talde mistoetan lehiatuko dira estreinakoz. Hamabi izango dira lehiakideak, lau taldetan banatuta. Kirolean ondo moldatzen direla, badakigu, ikus dezagun baina zenbat dakiten LaRoita erronka berari buruz, ba ote dakite zer esanahi duen LaRoitak, nondik dator izen bitxi hori?

Galdera jokoa proposatu diegu eta beste era bateko galderak ere egin dizkiegu, besteak beste, zein den proba irabazteko faboritoa, zein den lehiakiderik parrandazaleena edo zer abestirekin ospatuko duten garaipena.

Egun osoko egitaraua

LaRoita erronkaren seigarren ekitaldian lehiatuko diren hamabi erronkalariak prest daude lehiarako. Eta, era berean, antolatzaileek prest dute kirol erronka jantziko duen egun osorako egitaraua. 

Mutrikuko portuan hasiko dute 09:30an estreinakoz taldetan jokatuko duten erronka. Youtubetik zuzenean ikusteko aukera izango da eta probaren amaieran partaideak elkarrizketatuko dituzte Karakateko tontorrean.

Sari banaketa ekitaldia, baina, Maalan egingo dute eguerdian, eta 13:00etan hasiko dute egunaren bigarren zatia, Mauxitxa txarangaren kalejirarekin. Gero Sigmako aparkalekuan bazkalduko dute 475 lagun inguruk. Sigmatik DK ibiltariak gidatuta itzuliko dira herrigunera, 18:30ean.

Gauean kontzertuen txanda izango da. 21:30etik aurrera honako taldeek joko dute Sutegixa Gaztetxean: Kostako Sound System (Reggae Rap), Jeizy´s Tyros (Punk Rock), Mugi panderoa (Erromeria) eta Txola ta Potxola (DJ saioa).

Karakate gainera ahal dela oinez joateko eskatu dute antolatzaileek, goian ibilgailu gehiegi pilatzen direlako, eta inguruneari zor zaion begiruneagatik- Era berean, Kalbario mendatean erronkalariei bidea libre lagatzeko eskatu dute, bereziki beherazkoan, kirolariei trabarik ez egiteko.