Urazandi auzoko trafikoan eta aparkalekuetan eragina edukiko dute Errezabalgo mendi-magala egonkortzeko lanek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 7a

Aldaketa handiak igarriko dituzte Urazandiko bizilagunek datozen bi hilabeteetan, bereziki auzoko trafikoan eta aparkalekuetan.

Errezabal egoitza eraikitzeko lanen barruan, obraren gainaldean dagoen mendi-hegala egonkortzeko aurreikusitako obrak direla eta, itxi egingo dute auzoko errepide zati bat, hain justu 19. eta 20. zenbakien artean dagoena. Uztailaren 13tik aurrera itxiki dute aipaturiko errepide zatia, eta ondo bidean, irail hasierarako amaitzea aurreikusi dute.

Noranzko bikoitza

Egonkortze lan horiek auzoan eragingo dituen aldaketen berri eman du Elgoibarko Udalak. Nagusiena izango da trafikoak noranzko bikoitza izango duela Kalamua kalean, uztailaren 13tik aurrera. Hau da, Kalamua kalean gora egin beharko dute ibilgailuek Urazandi kaleraino, eta han berriz buelta hartu beharko dute. Auzotik irteteko, bestalde, Maalako biribilgunea erabili beharko da. 
Errepidea konfigurazio berri horretara egokitzeko, seinaleztapen horizontaleko eta bide-pinturako lanak hasi zituzten atzo eta jada bukatu dituzte lanok
Errepideko margotze lanak amaitu ondoren, zirkulazioak normaltasunez funtzionatzen jarraituko du, egun dagoen moduan, uztailaren 13ra arte. Era berean, ondorengo egunetan Kalamua kalean aparkatu ahal izango da, aparkaleku plazak seinaleztatuta egon ez arren.
Uztailaren 13tik aurrera, baina, Urazandiko bidea ixtearekin batera, Herri Eskola irekita egongo da bizilagunei aparkatzea errazteko, eta ezingo da aparkatu Kalamua kalean. 

Kalamua kalea autorik gabe, seinalizazio berria margotzeko lanak direla-eta.

Auzoko aparkalekuen berrantolaketa

Auzko aparkalekuetan ere eragin handia edukiko dute lurra egonkortzeko lanek, aparkalekuen berrantolaketa egitea ekarriko baitu, 67 aparkaleku kendu beharko dituztelako. Udalak aurreratu zuen DMPko aparkalekua datozen egunotan zabalduko dutela, eta obrek iraun bitartean Herri Eskolan aparkatzeko aukera ere emango dutela. Hortaz, 97 aparkaleku berri egongo direla azaldu zuten, gaur egun baino 30 gehiago.

Kalamua kaleko bizilagunentzako behin-behineko aparkalekua egokitu dute Herri Eskolan.

 
Mendi-magala egonkortzeko lanak

Apirilean lurra egonkortzeko lanak hasi zituztenean konturatu ziren uste zutena baino ezegonkorrago zegoela lurra. Mikropiloteak jartzen hasi ziren, baina, hala ere, lurrak mugitzen jarraitzen zuela ikusi zuten. Maiatzaren 4an, obra geratzea erabaki zuten. Hiru geologo-talde kontratatu zituen Urdinberri enpresak, eta haiek egindako ikerketen emaitzak ikusita hartu dituzte aurrera begirako erabakiak. 
Egindako azterketei esker, eremua egonkortzeko modua zehaztu dute, eta, horren barruan, bi pantaila osagarri eraikitzea erabaki dute: lehenengo pantailak etxebizitzen eta bidearen inguruko eremua egonkortuko duela azaldu zuten obrako arduradunek joan den astean auzolagunekin egin zuten bileran, "tokiko egonkortasuna bermatzeko"; hirugarren pantailak, berriz, mendi-hegal osoaren egonkortasuna bermatuko duela esan zuten. Bi jarduketak beharrezkoak direla nabarmendu zuten, lurra pitzatuta dagoelako goiko puntatik ibairaino.

Informazio osoagoa BARRENA aldizkariaren 23. zenbakian