Abuztuaren 31n hasiko dituzte merkatu plaza eraisteko lanak

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko uztailaren 10a

Osasun zentro berria eraikitzeko lanen ondorioz, argi mozketa laburrak izango dira egunotan. Abuztuaren 31n hasiko dituzte eraiste lanak, eta horren berri emateko, bilera egingo dute bizilagunekin uztailaren 22an. 

Elgoibarko Udalak jakinarazi du atzeratu egin dutela merkatu plaza eraisteko lanen hasiera. Uztaila amaierarako iragarri zuten lehen, baina data berria eman dute orain: abuztuaren 31n hasiko dira merkatu plazako eraikina botatzeko lanak, eta ondo bidean, urte amaierarako bukatuko dute eraisketa. Atzeratze honi esker, San Bartolome jaietan normaltasunez egin ahal izango da sokamuturra, bere ohiko ibilbide osoan zehar. 

Informazio gehiago jasotzea nahi duten auzotarrentzat bilera antolatu du Udalak. Uztailaren 22an izango da, 19:30ean, Aita Agirre kulturguneko areto nagusian. Bertan obraren nondik norakoa, egutegiak eta bestelakoak azalduko dituzte.   

Argi mozketak, egunotan 

Transformazio zentro elektriko berria martxan jartzeko lanen ondorioz, egunotan zenbati argi-etete gerta daitezkeela jakinarazi du Udalak. Mozketa horiek, bandoen bidez jakinaraziko dizkiete bizilagunei, eta azaldu dute aldi baterakoak izango direla, eta ahalik eta azkarren konponduko dituztela.