Munduko Kopa txikia, Mintxetan

Asier Orbea Ostolaza 2026ko uztailaren 11

Herrialde askotariko jokalari eta familien topagunea da Donosti Cup, 32 herrialdetako 912 talde parte hartzen ari baitira aurtengo edizioan. Horregatik, zentzu askotan "munduko kopa txiki" baten parekoa da. Mintxetako futbol zelaian, adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako taldeak, Kanadakoak, Kanarietakoak, Kataluniakoak, Madrilgoak eta Euskal Herrikoek jokatu dituzte partidak martitzenetik barikura bitartean. 

Hizkuntza eta jatorri saltsa handia egon da egunotan Mintxetako futbol zelaian. Donosti Cup txapelketako partidak hartu dituen gainerako futbol zelaietan gertatzen ari denaren erakusgarria izan da. Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Ipar Euskal Herrian banatutako 60 zelai erabili dituzte programatutako 2.250 partidak jokatzeko, tartean Debabarrenekoak (Mintxeta, Unbe eta SD Eibarren kirol hiria).

Irudietan ostegunean jokatu zituzten bi partida: Donostiako Ostadar eta Kataluniako Set 11Sports taldeen arteko lehia; eta, Arrasateko Mondragon eta AEBko Belmont United Inter Blue taldeen artekoa.

NY Empire talde amerikarrak, Kanarietako CD Tinajok, Anoetako Herri Eskolak eta Madrileko AR Javi Torres taldeek lortu zuten final zortzirenetako sailkatzea Mintxetan.