Bariku arratsaldean eman zieten hasiera jaiei, traka zaratatsuarekin. Gero, hainbat txapelketetan parte hartzeko aukera eduki zuten herritarrek, txapel jaurtiketa, ping-pong, toka, e.a. Iluntzean Espainiak eta Belgikak jokatu zuten Munduko txapelketa ikustera batu ziren hainbat herritar pantaila proiektorea jarri baitzuten Herri Eskolako jolastokian.
Jaietako egun handia, baina, zapatua izan zen. Jende ugari ibili zen egunez antolatu zituzten ekintzetan, eta bereziki gauean, inguruko herrietako jendea ere etorri baitzen festaz gozatzera. Brilet taldeak kontzertua eman zuen, eta apar festa egin zuten goizaldean.
Vanesa Valdes irabazle puzzle lehiaketan
Zapatu goizean Urazandiko jaietako banakako eta binakako puzzle lehiaketak jokatu zituzten, AEPUZZek Espainiako Puzzleen Elkarteak antolatuta. Banakako lehian 300 piezako puzzlea osatu behar zuten, gehienez ere ordu eta erdian, eta Euskal Herriko eta Espainiako hainbat lekutatik etorritako 44 lagun lehiatu ziren. Horietatik 37 lehiakidek lortu zuten puzzlea denbora mugaren barruan osatzea, eta Burgosetik etorritako Vanesa Valdes Vivar izan zen guztietan azkarrena. Valdesek 30 minutu eta 27 segundoan osatu zuen puzzlea. Soriako Daiana Soria Ippoliti sailkatu zen bigarren postuan, irabazlearengandik lau minutu eta 24 segundora. Laura Esparza Gonzalezentzak (Villatuerta, Nafarroa) izan zen hirugarren postua (38:20). Fernando Ferrero Ruiz izan zen Elgoibarko parte hartzaile bakarra eta 29. postuan sailkatu zen (01:20:09). Herritar Onenarentzako Saria jaso zuen (sailkapenak).
Bikotekako lehian Virginia Hernandok eta Sheila Cocerok osatutako bikotea gailendu zen. Valladolideko Campaspero herritik etorritako bikoteak 42 minutu eta 17 segundoan osatu zuen 500 piezako puzzlea. Itziar Guillerna eta Daiana Soria sailkatu ziren bigarren postuan (43:58) eta Vanesa Valdes eta Veronica Atapuerca hirugarrengoan (44:16). Elgoibarko bikote Onenaren Saria Uxue Jimenez Perezek eta Maria Perez Ortiz de Eribek osatutako bikoteak eskuratu zuen. Bikotekako lehian 35 bikotek hartu zuten parte eta 32k lortu zuten puzzlea denbora mugaren barruan amaitzea. Bi ordu zituzten.
Errifaren zozketa
Jai Batzordeak errifaren zozketa eginez eman zion amaiera aurtengo ospakizunei. Etxetresnaz beteriko bi otarre prestatu dituzte errifaren zozketarako. Lehen zenbaki saritua 01746 zenbakia da (Erreserbako lehen zenbakia 00006 da, eta bigarrena 02447). Bigarren zenbaki saritua 02736 zenbakia da (Erreserbako lehen zenbakia 02616 da; eta bigarrena 02466)
40 urteko etenaren ostean, 2022ko uztailean berreskuratu zituzten Urazandiko jaiak, eta Urajai Elkartekoek bosgarrengoz antolatu dituzte aurten.
Jaien biharamunean, obrak
Festak amaitu eta biharamunean auzoko bizimoduan eragina edukiko duten lanei ekin diete gaur. Errezabalgo zahar-etxea eraikitzeko lanen barruan mendi magalari eusteko lanei berrekingo diete gaurtik aurrera, eta lan horiek trafikoan eta aparkalekuetan edukiko dute eraginik handiena.
*Irudiak: BARRENA, Urajai eta Mikel Askasibar /Elgoibarko Udala.
