Ustekabean harrapatu dute Txomin Mujika, eta Gabi tabernatik irten arazi dute kalejira hasi baino lehenxeago. Herriari egin dion ekarpenagatik "Elgoibarren enbaxadore" modukoa dela esan dio Maialen Gurrutxaga alkateak, eta ez ziola azalpen gehiagorik eman nahi esan dio, "sorpresatxo bat" prestatu diotela eta gogoko izatea espero duela esan dio Gurrutxagak. Orduan Kultur Etxeko atera begira jarri dira Kalebarrenen batutakoak, omenaldiaren jakitun zirenak eta han parean tokatu direnak. Atetik Jose Alberto Ansola 'Mauxitxa', txarangako lehenengo zuzendariaren irudian oinarritutako buruhandia irten da, hain zuzen, 2019ko San Bartolome jaietan estreinatu zuten Mauxitxa buruhandia. Haren segidan irten da Txomin Mujikarena; eta, orduan, hezur-haragizkoak pauso batzuk atzera egin du eta eskua burura eraman du, ikusten ari zena ezin sinetsita. Berehala ohartu da buruhandia egiteko detaile guztiak eduki dituztela kontuan, gerritik zintzilik eraman ohi duen giltza-sorta ipini diotela ikusi baitu, buruhandiari ispilu aurrean balego moduan begira ari zela. Esku batean dultzaina ere ipini diote, nola ez ba.
Bi buruhandiek dultzaineroek jo duten ohorezko aurreskua dantzatu diote Txomin Mujikari. Eta, aurreskuaren amaieran, ezusteko bat gehiago ere jaso du Mujikak, Bergarako konpartsako bi kide irten baitira buruhandien azpitik. Haiek ere laguna omentzera etorri dira Bergaratik. Bergarako Erraldoi Taldeko erraldoi txiki, minigigante edo kiliki ezagun eta maitatuenetakoak dira Felixin eta Guti, era honetako lehenengotariko erraldoiak. Elgoibarko konpartsak ere era honetako bi buruhandi izango ditu aurrerantzean: Mauxitxa eta Txomin Mujika. Kalejira egin dutenean, Kalegoen plazan egin dute topo Txomin Mujikak eta Jose Alberto Ansola 'Mauxitxa'k berak; eta, nola ez, argazkia atera dute buruhandiekin batera.
Aitor Nova musikari elgoibartarrak ere hartu du hitza omenaldian, eta Mujikak Udal Musika Bandan, Txarangan eta dultzaineroen taldean egindako ekarpena gogora ekarri eta goraipatu du, bai eta gainerakoei itsaten dien ilusioa ere. Era honetako omenaldia merezi duela esan du Novak (ikus bideoan). "Txomin pertsona oso garrantzitsua da, herri honi ekarpen handia egin baitio musikaren alorrean. Udal Musikako kidea eta zuzendaria izan da, Mauxitxa txarangaren sortzaileetako bat da; eta dultzaina taldeko sortzailea eta kidea ere bada oraindik eta urte luzean izaten jarraitzea espero dut", esan du.