Goiz partean euskal doinu eta dantzek girotu dute herria. Dultzaineroen eta txistularien dianekin eta Udal Musika Bandaren kalejirarekin esnatu dute herria, eta ondoren prozesioan atera dute herriko zaindariaren irudia. Gero elizan hasi eta plazan bukatu den soka dantza dantzatu dute Haritz Euskal Dantzari taldeko kideek. Udal Musika Bandak elizan eman duen kontzertuarekin amaitu dira goizeko ekitaldiak. Arratsaldean, erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten kalejiraz gainera, profesionalen arteko pilota partidak jokatu dituzte Ikastolako frontoian.
Artola eta Imaz nagusi pilota partidan
Pilota jaialdiko lehen norgehiagokan Zubizarreta III eta Aranguren gailendu dira Alberdi II-ri eta Erostarberi 22-12ko emaitzarekin irabazita. Partida nagusian, Artolak eta Imazek 22-19 irabazi diete Zabalari eta Martijari. Altuna III-ak jokatu behar zuen Martijarekin, baina pilotari amezketarrak min hartu du eskumuturrean eta ezin izan du Elgoibarrera etorri. Zabala errioxarrak izan da haren ordezkoa.
Arratsaldean Trapu Zaharra konpainiaren Eutsi Ramon! kale ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute Kalebarren plazara batutakoek. Iluntzean eta gauaen musikak eta dantzak hartu dute berriro festagunea. Alguillo eta Alkimistak taldeak lehenik, eta Gozategik gero, eman dituzte kointzertuak Kalegoen plazan. Maalan, berriz, larrain-dantza herrikoia dantzatu dute Maalako Gune Askeko egitarauaren barruan.
Irudiak: BARRENA eta Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala.