Erbuze konpartsaren harrobia, prest

Asier Orbea Ostolaza 2026ko abuztuaren 28a

Handitzen jarraitzen du Erbuzek kalera ateratzen dituen buruhandien eta erraldoien familiak; Txomin Mujika erraldoi txikia izan da batzen azkena jai hauetan. Halere, horiekin ateratzeko jende premia dute, eta gazteek konpartsarako egin beharreko bidea jorratze aldera, umeek erabiltzeko lau erraldoi berri estreinatu dituzte.

Umeen Eguneko kalejiran irten ziren estreinakoz kalera euskal mitologian oinarritutako lau erraldoi berriak, Erbuzeko (Elgoibarko Erraldoi, Buruhandi eta Zezenzikleten konpartsa) gainerako lagunekin batera, eta Mauxitxa eta Betisua txarangekin batera.

Elgoibarko Udal Ludotekak Erraldoien Dantza Tailerra egin zuen ekainean, eta buruhandioak nola egin ere ikasi zuten ikastaroan. Hura eman zuen Hernaniko taldeari lau erraldoi egiteko eskatu zion Elgoibarko Udalak, neska-mutilak txikitatik ohitu daitezen erraldoiak dantzatzera. Atzo izan zuten lehen aukera, eta ikastaroan aritutako dozena bat gaztetxo, eta beste zenbait lagun ere aritu ziren "erraldoi txikiak" dantzatzen, txandan-txandan, konpartsako erraldoien tartean zihoazela.