Eneko Goibururen gaztak irabazi du sanbartolomeetako Elgoibarko gazta txapelketa, eta Urdairak sagardo lehiaketa

Asier Orbea Ostolaza 2026ko abuztuaren 29a

Sagardo txapelketa eta gazta txapelketa jokatu dituzte Baserritarren Eguneko goiz partean; baina, beste urte batzuetan baino beranduago hasi eta amaitu dute sagardo lehiaketa, atzerapenez ailegatu baita sagardoak ekarri dituen kamioia.

Dirudienez, Astigarraga aldetik ekarri dituzten sagardoen kamioia ez da ordurako iritsi, eta horrek ordu eta erdiz atzeratu arazi du Sallobente elkarteak eta Udalak antolatzen duten lehiaketaren 41. ekitaldia izan dena. Horrez gainera, epaimahaikideak sagardo onena aukeratzeko berdinketak hautsi ezinik ibili dira, behin baino gehiagotan saiatu arren, eta azkenean txanpona airera bota eta zotz egitea erabaki dute. Sallobente elkarteko presidenteak bota du txanpona, eta Usurbilgo Urdaira sagardotegiari tokatu zaio aurpegia. Izeta sagardotegiko sagardoak eskuratu du bigarren postua eta Gaztañagakoa sailkatu da hirugarren postuan.
Herritarrek lehiaketara aurkeztutako sagardotegi guztietako sagardoak edateko aukera eduki dute plazan, basoa erosita nahi adina sagardo edateko modua baitzuten, eta sagardoarekin batera txorizoa ere banatu dute Sallobente elkartekoek, doan.

Eneko Goibururen gaztarentzat lehen saria

Kalamua elkarteak antolatzen duen gazta lehiaketaren 64. edizioan, Segurako gaztagile Eneko Goiburuk lehiaketara aurkeztutako gaztak jaso du epaimahaiaren lehen saria. Goiburuk Ondarre izeneko baserrian egiten du gazta, ardi latxaren esne gordinaz. Azken urteetan moduan, elizako arkupeetan aritu dira epaimahaikideak gaztak probatu eta epaitzen. Garaipen honi esker, urte bukaeran Elgoibarrera itzultzeko aukera eskuratu du Eneko Goiburuk, Urteko Gaztarik Onena aukeratzeko lehiaketan lehiatuko baitira txapelketaren bat irabazten duten gaztagileak urteko azken zapatuan ospatzen den Gabon Zahar Feriararen barruan egiten den lehiaketan. Goiburuk, hain zuzen, 2023an irabazi zuen lehiaketa hori

Gaurkoan Kortariako gaztak jaso du bigarren saria, iazkoan irabazle izan zen gaztandegiak, alegia. Aizpea sailkatu da hirugarren postuan. Azkenik, Beñat Egaña gaztagileak aurkeztutako gaztak jaso du Itxurarik Onenaren Saria. Herritarrek erabakitzen dute sari hori euren botoekin, gazta bakoitza norena den jakin gabe. Aurreko bi urteetan Mausitxako gaztak eskuratu zuen sari hori. 

Ganadu erakusketa eta haragi dastaketa

Limousin arrazako abereen Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak txandan txandan jokatzen dituzte sanbartolomeetako Baserritarren egunean, urte batean Gipuzkoakoa eta hurrengoan Euskadikoa. Aurten Euskadikoa egitea tokatzen zitzaien arren, ezin izan dute egin, abererei eragiten dieten indarreko osasun-murrizketen ondorioz. Halere, formatua egokitu, eta abeltzantza ustiategi bakar bateko animalien erakusketa egin dute Aita Agirre plazan. Erakusketaz gainera, show cooking saioa eta haragi dastaketa egin dituzte.