Elgoibarko baserrietako produktuak egon ziren salmentan goizean goizetik Aita Agirren, eta han egin zuten Limousin arrazako ganadu erakusketa ere. Aurten gainera, lehiaketarik egiterik izan ez duten arren, haragi dastaketa egin zuten, eta baita hainbat gomendio eta errezeta azaldu ere show cooking-ean.
Kalegoen plazan, berriz, sagardoaren eta gaztaaren bueltan elkartu ziren herritarrak. Sagardorik eta gaztarik onenak aukeratzeko txapelketak ere egin zituzten (ikus irabazleak), Sallobente eta Kalamua elkarteen eskutik.
Xabier Aranburu indartsuena Mintxeta Memorialean
Aita Agirre plazan lehiatu dute aurten Mintxeta Memoriala harrijasotze txapelketaren 26. edizioa izan dena, Kalegoen plaza ETSren kontzerturako eszenatokia prestatzeko behar zutela-eta. Bost harrijasotzaile lehiatu ziren kokagune berrian. Azken hiru ekitaldiak irabazi dituen Mikel Lopetegi “Urra” zarauztarra ere etortzekoa zen laugarren txapelaren bila, baina azken orduko arazo bat tarteko ezin izan zen etorri.
Ohi moduan, Mintxeta (124,8 kilo) eta Belaustegi (145,8 kilo) harri irregularrak altxa behar zituzten harrijasotzaileek, zazpi minutuko tanda banatan. Bi altxaldi eman behar zizkioten pisutxuenari, Belaustegi harriari, eta orduan has zitezkeen lanean Mintxeta harriarekin. Denek lortu zuten Belaustegi harria birritan bizkar gainera altxatzea.
Mintxeta harriari altxaldirik gehien, baina, Xabier Aranburu 'Guzta' idiazabaldarrak eman zizkion, 12 altxaldi orotara. Irabazleak saritzak 600 euro, garaikurra eta txapela jaso zituen. Altxaldi bat gutxiago eman zion bigarren postuan sailkatu zen Aimar Galarragak. Altxaldi bat gehiago ere bizkarreratu zuen arren, ez zen balekoa izan. Gari Garmendia sailkatu zen hirugarren postuan, 10 altxaldirekin. Oier Azpeitia sailkatu zen laugarren postuan 8 altxaldirekin. Hodei Amezkua 20 urteko zarauztar gaztea sailkatu zen bosgarren postuan, bere lehen parte hartzean 7 altxaldi lortuta.
Gauean ETS taldearen kontzertuak jendetza batu zuen plazan
Argazkiak: BARRENA, Mikel Askasibar/Elgoibarko Udala eta Joserra Cabrera.
- Elgoibarko San Bartolome jaien inguruko eduki guztiak HEMEN