Jose Alberto Ansola "Mauxitxa"k gidatu zuen 1976. urteko lehen lanegun hartan egin zuten kalejira, eta gaur ere lehen lerroan zen Mauxi. Gutxitan egin du huts urteotan. Gogora ekarri duenez, azken 50 urteotan hiru alditan bakarrik geratu da egin gabe Lanaren Diana: 1983an; ufalak izan baitziren Txiki Egunean; 1985. urte inguruan, jaietan kale istiluak izan zirela eta ez irtetea erabaki zutelako; eta 2020. urtekoa, pandemia dela-eta. 2021ean pandemiagatiko hainbat neurri indarrean ziren arren, diana jotzeko baimena lortu zutela esan du.
Antton Azpiazuk ere hartu zuen parte 1976ko estreinako dianan, eta hunkitu egin da sasoi haiek akordura ekartzean. "Jaime Arrese zegoen alkate garai hartan, eta txarangako kideok gehiagotan jo nahi genuela esan genion. Txiki Egunean kalejira bat edo bi bakarrik egiten genituen, eta gehiagotan irten nahi genuela kalera esan genion Arreseri. Eta hark bota zigun jotzeko nahi bagenuen irailaren 1ean, jendea lanera hasten zen egunean. Apustua onartu eta halaxe irten ginen, gauza normal bat moduan. Orduan ez genuen uste honaino helduko zenik han hasitako ekimen hau, eta halako arrakastarik edukiko zuenik ere ez". Azpiazuk ahal duen guztietan hartzen du parte dianan, eta hutsik egiten ez duten herritar "fijoak" ere ekarri ditu akordura, bereziki gaur haien falta igarri duen bizpahiru lagun.
Gosaria debalde eta dohantza Nualari
Ohi moduan, 07:00etan puntuan abiatu da Lanaren Diana, Kalebarren plazatik. Eta, ohi duten moduan, ziztu bizian igaro dituzte herriko kaleak. Gaurko kalejirak ez dauka-eta antzik Txiki Egunean egiten duenarekin, inondik-inora. 07:30ean bukatu dute Lanaren Diana Aita Agirre plazan, eta dantza egitera ere animatu dira zenbait herritar. Normalean hor bukatzen da gaurko ekitaldia, baina Mauxitxak izaera solidarioko '50 Urte Herria Esnatzen' izeneko ekimenarekin ospatu nahi izan du 50. urtemuga, eta gosaria doan banatu diete herritarrei.
Nuala elkarteko kideak arduratu dira txokolatea berotzeaz, zerbitzatzeaz eta banatzeaz. Era honetan, Nualakoek aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazioa eta ikusgarritasuna sustatzen egiten diharduten lanari ikusgarritasuna eman nahi izan diote Mauxitxakoek eta ekitaldia antolatzen lagun izan duten Udalak. Txokolatearekin batera, Doña Mercedesen artisau-bizkotxo zatiak ere banatu dituzte.
Herritarrentzat debalde zen arren, Mauxitxakoek euro bat bideratuko dute haien funtsetatik Nualarentzat, banatzen duten baso bakoitzeko. Helburutzat jarria zuten1.000 euroko dohaintza egitea.
Azken 50 urteetan txarangatik igaro diren musikari guztiak gonbidatu dituzte ekimenean parte hartzera, txarangaren "historiako talderik handiena" osatzeko asmoz.