Gazteentzako doako aholkularitza psikologiko zerbitzua jarri dute martxan Elgoibarren

Asier Orbea Ostolaza

Jone Galdos psikologoak emango du zerbitzua.

Elgoibarko Udalak aholkularitza psikologiko zerbitzua eskainiko die herriko nerabeei eta gazteei, dohainik.

Nerabeen eta gazteen ongizatean eragiteko sortu duten Loratzen markaren berri eman zuen Udalak duela gutxi; eta, egitasmo horren barruan Loratzen Aholkularitza Psikologiko zerbitzua da abian jarriko duten aurreneko ekimena.

Zerbitzua 13 eta 30 urte arteko gazteentzako izango da, doakoa eta konfidentziala. Adin txikikoen kasuan, gurasoek parte aktiboa izan ahal izango dute prozesuan.

Elgoibarko Gaztelekuan emango dute (Gabriel Krutzelaegi K., 4), asteartetan: 15:00etatik 17:00etara. Erabiltzaile bakoitzak gehienez ere bost saio jasotzeko aukera izango du. Jone Galdos da zerbitzua emango duen psikologoa.

Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, zerbitzuak ez du terapia bat eskaintzen, gehiago da psikologiara lehen aldiz erraz eta leun gerturatzeko modu bat, beldurrak kentzeko. Lehen saioetan bilatzen den laguntza identifikatuko dute eta horri ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatuko dira.

Saioetan hainbat gai landuko dituzte: osasun mentala, osasun emozionala, autozainketa, elikadura-portaera nahasmenduak, menpekotasun egoerak, familia harremanak, harreman sozialak, e.a.

Hitzordua hartzeko idatzi mezua helbide honetara: loratzenaholkularitza@elgoibar.eus