Jai giroan ibili dira Aiastia gainean asteburuan, eta auzotarrez gainera herritar ugari igo dira sanmigel jaietaz gozatzera.
Isidro Erretegia nagusi idi-demetan
Domeka arratsaldean egitarauan errotuta dagoen Idi-dema saioa jokatu zuten, eta hiru idi pare lehiatu ziren: Isidro Erretegia, Igone Pagadizabal eta Olatzar. Iaz moduan Azkoitiko idi-parea, Isidro Erretegiak aurkeztutakoa izan zen indartsuena, 50 plaza eta zinta bateko marka eginda. Saritzat 1.000 euro eta mantak jaso zituzten. Iaz 48 plazarekin lortu zuten garaipena. Lezoko Olatzarren idi pareak eskuratu zuen bigarren postua (48 plaza eta 2,77 metro); 900 euroko saria; eta, Hondarribiatik etorritako Igone Pagadizabalen idi parea sailkatu zen hirugarren postuan (45 plaza, 3 zinta eta 2,34 metro). 800 euroko saria jaso zuen.
Hiru txirlo bola-jokoak ere zale ugari ditu Aiastian eta bolari mordoxka batu ziren zapatuan jokatu zuten txapelketara. Anartz Estebanek eskuratu zuen lehen postua, Mikel Almorzak bigarrena, Dani Aspek hirugarrena eta Aitor Jauregik laugarrena.
Domeka goizean CATT Morkaiko taldeak eta Kalamua Elkarteak antolatutako mendi lasterketaren bigarren edizioa jokatu zuten eta Julen Dobarro mendaroarra eta Paula Pereira eibartarra izan ziren azkarrenak.

