Ibilbidea moldatu behar izan dute zapatuan jokatuko duten Elgoibarko Rallysprinterako

Asier Orbea Ostolaza

Autoak aurten ez dira Azkarate beheko bihurgune-itsasietatik igaroko. Arg: Kastinparro.

Kastinparro eskuderiak antolatutako Elgoibar rallysprintaren hirugarren edizioa jokatuko dute zapatuan, Elgoibar eta Azkoitia artean. Azkarateko errepide zaharrean egiten diharduten konponketa lanen ondorioz, baina, ibilbidea moldatu behar izan dute antolatzaileek.

Hala, rallysprinteko autoak aurten ez dira igaroko horren ikusgarriak diren Elgoibar eta Azkarate gainaren arteko errebuelta eta errepide estuetatik. Halere, ibilbideari ez zaio ikusgarritasunik faltako, Goilurrak rallyan erabili izan duten tramo bat gaineratu baitute antolatzaileek. Gidariek hiru txandatan lehiatu beharko dute 9,8 kilometroko ibilbidean, guztira 29,40 kilometroko ibilbide kronometratua osatuz.

Proba hasi aurreko egiaztatze teknikoak Aita Agirre plazan egingo dituzte, 08:30etik 11:20ra. Gero Kalegoen plazan elkartuko dira auto guztiak, 12:30ean, briefing-a egiteko. Egun horretan, Antonio Arrillaga kalea 08:30etik 14:30era egongo da trafikoarentzat itxita.

Irteera eta helmuga puntuak

Lehen autoak 14:00etan irtengo dira Azkoititik (GI-3210 errepideko 17. kilometrotik). Helmuga, berriz, Amezti baserrirako bidegurutzean egongo da, hondoratutako bi errepide zatietako bat (gainetik gertuen dagoena) konpontzen ari diren lekua baino metro batzuk goraxeago.

Euskadiko Txapelketarako puntuagarria

Hamar probaz osatua dago 2026ko Euskadiko Rallysprint Txapelketa, eta azken-aurrekoa izango da Elgoibarko Rallysprinta. Intxortako probarekin amaituko da aurtengo lehia, urriaren 31n.

Behin-behineko sailkapen nagusian Aitzol Apalantza (Ardatz Motorsport - Skoda Fabia Rallye 2) dago aurreneko postuan, 166 punturekin. Errezilgo gidariak 166 puntu batu ditu orain arte jokatu dituzten zortzi probetan. Hirutan lortu du garaipena (Gabirian, Erniopen eta Aramaion). Lasterketa bakarrean erretiratu da. 
Apalantzak baino 12 puntu gutxiago ditu bigarren sailkatuta dagoen Alberto Marcosek (Gorla Racing - BMW M3). Marcosek bi proba irabazi ditu (Sabando eta Eskoriatza). Iratz Olariaga (EME Eskuderia - Honda Civic VTI) gidaria dago hirugarren postuan sailkatuta, 116 punturekin. Xabier Lujuak (Kenako Trapaga - Alpine A-110) bi lasterketa irabazi ditu, biak jarraian (Zamudio eta San Miguelgo Rallysprinta), eta txapeldunorde izan zen Goierrikoan, baina, ala eta guztiz ere laugarren postuan dago, 97 punturekin, lau probatan ez zelako lehiatu.  

Iaz 42 talde lehiatu ziren Elgoibarko Rallysprintean eta Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantza gailendu ziren. Estreinako edizioan, berriz, Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel izan ziren azkarrenak.

Aitor Saizar  eta Alazne Apalantza (Peugeot 207 S2000), iazko irabazleak, Azkarate gainean. Arg: Kastinparro