Unai Usobiagak zainetan darama autoekiko zaletasuna. Aita ere auto lasterketetan ibilitakoa da, eta harekin hasi zen probetara joaten, ume zela. Ainhoak, aldiz, ez dauka umetako oroitzapenik, baina nebarentzat kopilotu lanetan aritzea gustuko du. Usobiagatarren bizipenak jaso ditu BARRENAk.
Unai, konta egiguzu, nondik datorkizu autoetarako zaletasuna?
Aitak eramaten ninduen auto lasterketetara ume nintzela, eta beti bizi izan naiz auto artean. Aita mekanikaria da, eta orain nik hartu dut haren tailerra. Ni jaio aurretik aita bera ere ibiltzen zen auto lasterketetan. Espainiako txapelketaren batean ere parte hartutakoa da, eta auto kontuak beti izan ditugu etxean.
Eta noiz erabaki zenuen lasterketetan parte hartzen hastea?
Gidabaimena atera nuenean rallyetarako auto txiki bat erosi nuen. Pare bat urte eman nituen autoa lasterketetarako prestatzen, eta bukatu nuenean, lasterketetan hasi nintzen. Citroen AX berde bat zen; la letxuga deitzen genion. Lau bat urtez ibili nintzen harekin, harik eta San Migeleko proban kolpea hartu nuen arte. 2018an hondatu nuen auto hura. Autoa txatarrerako geratu zen, baina ni ondo irten nintzen. Gero, pandemia iritsi zen eta urte batzuetan egon nintzen parte hartu gabe. 2023an erosi nuen orain daukadan autoa.
Peugeot 205 GTI. Zeintzuk dira autoaren ezaugarriak?
Auto mitikoa da; ni harekin munduaren amaieraraino joango nintzateke! Oinarrizko motorra dauka, apur bat hobetuta, baina ez asko, nire kategorian hobekuntzak mugatuta baitaude. Abiadura-kutxa, aldiz, bai, hori aldatuta dauka. Ez dauka indar handirik, baina arina da; bihurguneetan eta aldapa behera bereziki oso ondo dabil, eta ni oso gustura nago. Neuk egiten dizkiot ahal dudan konponketa guztiak, eta primeran ezagutzen dut autoa. Ordu asko eskaintzen dizkiot. Beste norbaitek egitea konponketak ere ondo dago, baina garesti irteten da, eta niri gustatzen zait. Ondo dago mekanikaz jakitea mundu honetan. Gidari askok ez dute jakiten autoari zer gertatzen zaion, eta nik konponketa batzuk, behintzat, egin ditzaket; askotan, lasterketa egunean bertan. Beti gustatu izan zaizkit auto txikiak lasterketetarako; txikiak eta aurreko gurpiletarako trakzioa dutenak. Hura agertu zitzaidan parean, prezio onean, eta ez nuen dudarik izan. Mundu honetan dena garestitu da izugarri, eta ezin da edozein auto erosi. Mantentze-lanak ere oso garestiak dira. Nik nahiago dut daukadana moduko auto bat; lasaiago ibiltzen naiz, beldurrik gabe, eta gehiago gozatzen dut.
Zein txapelketatan hartzen duzu parte?
Euskal Herriko txapelketetan ibiltzen naiz, rallyetan eta rallysprintetan. Elgoibar inguruan proba pila bat ditugu: hemen bi egiten dira, Azpeitian, Bergaran, Eskoriatzan... Niri rally luzeak gustatzen zaizkit, bereziki. Kilometro gehiago izaten dira eta eguna aseta amaitzen dut.
Pilotuaren lana garrantzitsua da, baina kopilotuarena ere bai. Arrebarekin ibiltzen zara tarteka.
Bai, 2024an proposatu nion urte hartako San Migeleko rallysprintean kopilotu lanak egiteko, eta notak irakurtzearekin zeuzkan zalantzak, baina animatu egin zen. Kopilotuaren lana pilotuarena bezain garrantzitsua da lasterketetan.
Ainhoa, nola hartu zenuen nebaren gonbita?
Oso urduri jarri nintzen, ez nekielako notak irakurtzeko gai izango ote nintzen. Unaik oso ondo ezagutzen du bidea, eta banekien ez zela nire menpe egongo, baina, hala ere, ardura handia sentitu nuen. Lasai egoteko esan zidan, eta neure buruarengan konfiantza osoa ez banuen notak irakurri gabe ere egin genezakeela. Eta hala egin genuen. Lasterketa berezia izan zen. Zortzi urteko etenaldiaren ondoren, emakumezkoen talde batek, EME taldeak, hartu zuen proba hura antolatzeko ardura, eta emakumezkoen presentzia sustatze aldera ondo egon zen.
Zein izaten da kopilotuaren egitekoa?
Astebete aurretik pilotua eta kopilotua elkarrekin joaten dira bidea ezagutzera. Zati bakoitzean hiru edo lau pasaldi egiten ditugu. Lehenengo, pilotuak kantatu eta kopilotuak notak hartzen ditu, eta hurrengo pasaldian, kopilotuak nota horiek kantatu egiten ditu. Aldaketaren batzuk egin, eta erreferentziak hartzen ditugu. Lasterketa egunean nota horiek argi esatea da kopilotuaren zeregina. Lehenengo aldi hartan ez genuen notarik hartu, baina, hala ere, oso-oso urduri nengoen. Mikrofonoak eramaten ditugu, eta uste dut Unaik nire arnasa entzun zuela aurikularretatik. Lasai egoteko esan zidan, lotuta nengoela, kaskoa jantzita, eta arnasa hartzeko.
Mezu hark txip aldaketa moduko bat eragin zidan, eta une hartatik aurrera gozatu egin nuen. Dena ondo irten zen, eta egun hartako oroitzapen oso ona daukat. Autoan ez zen ezer apurtu, eta, gainera, historikoen kategorian irabazi egin genuen. Hurrengo aldian, baina, notekin egingo genuela esan zidan, Elgoibar aldea ondo ezagutzen badu ere Etxeberri alderako lagungarri zitzaizkiolako. Azken bi edizioak, beraz, notekin egin ditugu.
Eta zer moduz joan dira?
Bigarren urtekoa, gaizki. Unai ez dakit gogoratuko den, baina lehenengo txandan motorra edo abiadura-kutxa hondatu egin zitzaigun. Martxaz nahastu zen, eta autoa geratu egin zitzaigun. Pena izan zen. Unaik nigatik hartu zuen pena, baina ni, azken batean, laguntzailea nintzen, hark ematen zidan niri pena. Ordu eta diru asko ekarri zituen matxura hark. Eman zion buelta egoerari, eta itxi genuen kapitulu hura. Aurtengoa izan da hirugarren aldia, eta nire barruan iazko mamu hura bizirik sentitzen nuen. Ez nion Unairi transmititu nahi, baina baneukan urduritasun puntu bat. Tentsio harekin ez nuen horrenbeste gozatu, baina esango nuke notak ondo irakurri nizkiola, eta ondo bukatu genuen dena. Egun polita izan zen, eta, gainera, historikoen atalean irabazi egin genuen. Herrian demaseko giroa zegoen, LaRoita erronka ere egun berean jokatu zutelako, eta oroitzapen oso ona daukat. Gaineratu nahiko nuke lasterketa horien atzean dagoen guztia. Barrutik bizitzeak eman dit aukera ikusteko zelako lagun taldea dagoen, zein balio dituzten, nola laguntzen dioten elkarri... Familia moduko bat topatu dut, eta ni ere oso ondo hartu naute.
Zu ere, Unai moduan, betidanik izan zara auto zalea?
Ez, afizio hori Unairi bakarrik transmititu dio aitak. Unai umetatik joan izan da aitarekin rally lasterketak ikustera, baina nik ez daukat horren oroitzapenik. Agian noizbait joango nintzen, baina ez da umetatik bizi izan dudan zerbait. Gaur egun ere ez da nire zaletasunetako bat, baina Unairekin larsterketa honetan parte hartzea berezia da, berarekin konpartitzen dudalako berari horrenbeste gustatzen zaion zaletasuna. Edozeinekin ez nintzateke ausartuko abiadura horretan ibiltzen bide horietatik, baina Unaik konfiantza ematen dit.

