Gaur hasiko da Elgoibarren ongizate emozionalari buruzko trebakuntza zikloa

Asier Orbea Ostolaza

Amaia Bacigalupe soziologoak “Osasun mentala: berdin tratatzen ditu medikuntzak neskak eta mutilak?” hitzaldia emango du gaur Elgoibarren.

Elgoibarko Udalak trebakuntza ziklo bat antolatu du nerabeen eta gazteen ongizate emozionala ardatz duena. Gaur izango da lehen saioa: “Osasun mentala: berdin tratatzen ditu medikuntzak neskak eta mutilak?” hitzaldia emango du Amaia Bacigalupe soziologoak. 

Trebakuntza ziklo honetako saioak, lau guztira, Zurrunbiloa egitasmoaren eta Loratzen estrategiaren baitan antolatu ditu Elgoibarko Udalak. Zehaztu dutenez, herriko eragile eta herritar guztiei daude zuzenduta: erakunde eta elkarteetako kideei, ikastetxeetako gurasoei, kultur eta kirol-arloko profesionalei eta entrenatzaileei, eta, oro har, nerabe eta gazteen ongizate emozionalean eragin dezaketen herritar guztiei. "Helburua da bakoitzak bere esparrutik nerabeen ongizate emozionalean nola eragin dezakeen hausnartzea, ezagutzak eta esperientziak partekatzea eta, elkarlanean, prebentzioan eta zaintzan oinarritutako komunitatea indartzea", adierazi dute.

Aipaturiko asmoak gauzatzeko, ongizate emozionalarekin lotutako gaiak landuko dituzte hitzaldietan, hainbat profesionalen eskutik, "ikasteko, hausnartzeko eta esperientziak partekatzeko guneak eskainiz".

Lau hitzaldi

Urriaren 13tik azaroaren 4ra bitartean, Loratzen Trebakuntza Zikloak lau hitzaldi ekarriko ditu Aita Agirre Kulturguneko Areto Nagusira, gazteen osasun mentala erdigunean jartzeko asmoz. Solasaldi guztiak 18:00etan hasiko dira. Aurreneko hirurak euskaraz izango dira, itzulpen zerbitzuarekin. Azkena gazteleraz izango da.

  • Urriaren 13an, martitzenean, Amaia Bacigalupe De La Herak (Portugalete, 1980) “Osasun mentala: berdin tratatzen ditu medikuntzak neskak eta mutilak?” hitzaldia emango du. Bacigalupe EHUko soziologoa eta Osasun Publikoko doktorea da. Desberdintasun sozialek osasunean eta osasun-arretan duten eragina ikertzen du; batez ere, generoak eragindakoa.
  • Urriaren 21ean, eguaztenean, Carmen Diez Mintegi antropologoak “Kirola: mutilak gizon bihurtzeko erritualak” aztertuko du.
  • Urriaren 28an, eguaztenean, Nahia Idoiaga EHUko psikologoak “Presio akademikoa: nahikoa ez izatearen beldurra” izango du hizpide. Hiru hitzaldiak euskaraz izango dira, itzulpen zerbitzuarekin.
  • Azaroaren 4an, eguaztena, izango da zikloa itxiko duen hitzaldia: “Kirola: ingurune segurua?”. Kirol-entrenatzailea eta Kuninako zuzendaria den Iñaki Alonsok emango du.

Udalak parte hartzera animatu ditu herritarrak eta herriko eragileak, eta eskatu du norberak inguruan dituen guraso, entrenatzaile, elkarteetako kide eta bestelako herritarrei ere emateko zikloaren berri. "Azken batean, nerabeen ongizate emozionala guztion ardura baita, eta Loratzen estrategiak Elgoibarren zaintza, elkarlana eta erantzukizun komunitarioa indartzea du helburu".

Zikloa iragartzeko kartela.