Gutuna

'Agur, lagun'

Ainara Argoitia Arano

Inazio Garmendia, Biar Dana elkartean, sukaldean lanean. Argazkia: Angel Ugarteburuk lagatakoa.

Atzo hil zen Inazio Garmendia euskaltzalearen omenez (Azpeitia, 1950 - Elgoibar, 2026) gutun hau jaso du BARRENAk. Hedabide honen kolaboratzaile Angel Ugarteburuk lagun eta lankide izan zuenaz idatzi duen agur mezua da.  'Agur, lagun' dauka izenburua, eta honela dio:

"Mendi aldera jira bat ematera joan eta uhin bidez iritsi da berri tristea: gure Iñasio joan zaigula.

Aspaldi izan nuen bera ezagutzeko aukera. Eibarko ikastolan ni eta Elgoibarkoan bera, Mari Juli, Andres, Antton Aramburu… Nola ez gogoratu Santa Ana kaleko etxebizitza hura eta hango euskal giroa, zeharo euskarari eta ikastolari lotua! Han hasi zen adiskide eta lankidetza. Gero, Elgoibarkora etorri nintzen ni ere eta hala, 30 urte baino gehiago, elkarlanean, ikastolan lehenik 4 urtez eta besteak Elgoibarko Institutuan.

Irakaskuntzan testuak sortzen Euskara Mintegian eta baita zuzendaritza lanetan ere, gure eskaintza ondo antolatu eta egokitu nahirik. Euskararen Normalizazioaren Legearen (NOLEGA) ildotik ikasleen artean euskal giro eta ohiturak sustatzen…Zertan ez?

Azpimarratzekoa, halaber, ikasleei transmititzen zien mendizaletasuna ere (diapositiba bidezko filminak… ). Kirol arloan, gainera, bizikletaz, gazteekin gazte, egiten zituen ibilaldiak.

Elgoibarko Izarra elkarteari egin zion ekarriari buruz, izango da nik baino hobeto eta zehatzago azaltzeko gai denik. Ez dut nahi, dena den, Iñasiorekin bizi izandako beste gauza bat aipatu gabe geratu. Sukaldaria zen Iñasio. Talde lanean funtsezkoa da mahai inguruak eskaintzen duen solasaldi emankorrerako eta adiskidetasuna sakontzeko aukera. Zenbat bazkari edo afari, berak arretaz prestatutakoak gozatzen Biar-Danan!

Zuk erakutsitako bidetik saiatuko gara eta dira zure lankide eta ikasleak ere. Goian dago Iñasio".