Aita Agirre Kulturguneko Areto Nagusian izango da solasaldia, gaur, 18:00etan. Hitzaldia euskaraz izango da, itzulpen zerbitzuarekin. Diez Mintegik kirolaren ingurukan hausnarketa egitera animatu nahi ditu entzuleak.
Kirol munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean bidea ireki duten pertsonak saritzeko ematen duten Carmen Adarraga Saria irabazitakoa da antropologo donostiarra. 2021ean jaso zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen saria.
Trebakuntza ziklo honetako saioak, lau guztira, Zurrunbiloa egitasmoaren eta Loratzen estrategiaren baitan antolatu ditu Elgoibarko Udalak. Zehaztu dutenez, herriko eragile eta herritar guztiei daude zuzenduta: erakunde eta elkarteetako kideei, ikastetxeetako gurasoei, kultur eta kirol-arloko profesionalei eta entrenatzaileei, eta, oro har, nerabe eta gazteen ongizate emozionalean eragin dezaketen herritar guztiei. Besteak beste, kirol munduko erritu eta ohiturek mutilen identitatean eta ongizate emozionalean nola eta zenbateraino eragiten duten aztertuko dute.
