Arabako Aramaio herrian jokatu dituzte Euskal Herriko txapelketako lehen bi jardunaldiak, Untzillako bolatokian lehena eta Etxaguen auzokoan bigarrena; eta, bietan gailendu dira San Migel taldeko bolariak. Talde eta etxe berekoak, lehenengoan Jon Ibarluzeak irabazi baitzuen tiraldia, eta zapatuan jokatu zuten bigarrengo honetan haren ama Aitziber Olaizolak lortu zuen garaipena.
Nagusitasunez gailendu zen Olaizola, hiru jaurtialdietan zazpi txirlo botata. Bergara taldeko Asier Azkaratek eskuratu zuen bigarren postua, bost txirlo botata. Sebas Arantzabal elgetarrak ere bost txirlo bota zituen eta hirugarren postuan sailkatu zen. Nahia Etxaburu (MX3T) markinarra sailkatu zen laugarren postuan, lau txirlo botata. Etxeko bolari bat sailkatu zen bosgarrengo postuan, Kepa Etxebarria aramaioarra, lau txirlorekin. Seigarren postua Elgeta taldeko Xabier Ortuzar elorriarrarentzat izan zen, hiru txirlorekin. Guztira 84 bolari aritu ziren lehian Etxaguengo bolatokian.
Aitziber Olaizolak historia egin zuen duela bost urte, Euskal Herriko Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren 31. edizioa irabazita, estreinakoz emakume bat nagusitu baitzen txapelketa honetan. Emakumezkoetan behin baino gehiagotan jantzi du irabazlearen txapela.
Aurtengo txapelketako hurrengo jardunaldia, hirugarrengoa, Ziortza-Bolibarreko Iruzubieta auzoko bolatokian jokatuko dute, urriaren 31n, 17:00etatik aurrera.
Aurtengo txapelketari amaiera emango dion azken tiraldia -seigarrena- azaroaren 21ean jokatuko dute Elgoibarren, Aiastiako bolatokian.
Etxaguengo tiraldiko lehen sei sailkatuak, argazkietan: