Salamankan jokatu dute asteburuan Munduko Kulturismo Natural Txapelketa (Physique Mania Word Championships), eta iiaz Dubain lortu zuen bosgarren postua eta 2022an Pragako munduko txapelketan lortu zuen emaitza -brontzezko domina- ontzeko asmoarekin joan zen Iosu Rodriguez Arroyo (Elgoibar, 1990) kulturista, Espainiako txapelketan bigarren postua lortu eta gero.
Fitness Model kategorian da profesionala Rodriguez, eta maila horretan lehiatzeko asmoa zuen arren, azken orduan Men’s physique kategorian ere lehiatzea erabaki zuela azaldu du, honela: "Kategoria horretan lehiatzen nintzen lehen eta Salamankakoa txapelketa irekia zela ikusi nuenean, hau da, tamaina guztietako lehiakideak elkarren aurka lehiatu ahal genuela, izena ematea erabaki nuen. Aurkarien fisikoak ikusi nituenean, hartutako erabakiaz damutu ere egin nintzen segundo batez, baina konfiantza berreskuratu eta dena ematera irten nintzen oholtzara, beti egiten dudan moduan (ikus beheragoko bideoan). Azken urteetan egin dudan lan guztia erakutsi ahal izan nuen nire gorputzean, eta han egin zizkidaten iruzkinek ere horixe berretsi zuten. Inoiz baino sasoi hobeagoan nengoela esan zidaten ezagutzen nautenek zein aurkariek, azala muskuluei itsasia nuela, sekula ez moduan. Nire bizitzako fisiko onenarekin iritsi nintzen munduko txapelketara, eta aprobetxatu beharra neukan".
Bederatzi kulturista lehiatu ziren kategoria horretan. Une batean lehen postua emango ziotela ere pentsatu zuen arren, Italiako ordezkaria hautatu zuten epaimahaikideek irabazle eta zilarrezko domina eman zioten berari. Lehen bi sailkatuek jaso zuten kategoria horretan profesional gisa aritzeko txartela.
Bigarren domina
Zilarrezko domina lepoan zuela, haren helburu nagusia zen kategorian lehiatu zen Rodriguez: Pro Fitness Model deiturikoan. Hor lehia are gogorragoa izan zela dio, egungo munduko zein Europako txapeldunak izan baitzituen aurkari. "Ezin izan nuen Daniel Noe munduko txapeldunaren aurretik sailkatu, baina Europako txapeldunaren aurretik geratu nintzen, eta balio handia ematen diot horri, Italian eta Belgikan -Europako Txapelketa- jokatu nituen txapelketetan nire aurretik geratu baitzen. Hortaz, izan dudan bilakaera horri ematen diot garrantzia, eta oso-oso pozik nago munduko txapeldunorde izatea lortu dudalako. Sekulako asteburua izan da niretzako, aparta".
Azken hiru denboraldiak bata bestearen atzetik kateatu ditu Rodriguezek, eta 2025eko maiatzetik txapelketetarako prestaketetan aritzea gogorra egin zaiola aitortu duen arren, egindako ahaleginarekin pozik geratu da.
