Errezabal egoitzaren obrari buruzko informazio-bilera egin zuen Udalak martitzenean Urazandiko bizilagunekin, Jubilatuen Biltokian, eta aretoa bete egin zen, gaiak duen garrantziaren adierazle.
Bileran, egoitzaren garrantzia gogoratu zuen Udalak, Elgoibarrentzat eta eskualdearentzat proiektu estrategikoa dela esanez. Ondoren, obraren bilakaeraren berri eman zuten, eta lurraren egonkortzen lanetan jarri zuten garrantzia. Aurreikusitakoaren arabera joan direla lanak azaldu zuten: bi pantailatan lan egitea aurreikusi zen; lehen pantaila, etxebizitzen eta bidearen ondoko eremua indartzeko, eta 3. pantaila, mendi-hegal osoaren egonkortasuna bermatzeko. Esan zutenez, plataformak prestatu dira, bidean eta ingurunean lanak egin dira eta pilotajearen lehen fasea gauzatu da. Gaur egun, 3. pantailaren exekuzioa abian da, lurraren eta ingurunearen portaeraren jarraipen teknikoarekin batera.
Arduradunek emandako azalpenen arabera, egonkortze-lanak "ondo" doaz, eta, gaur-gaurkoz, Errezabaleko lurra obra hasi zenean baino egonkorragoa da. Datu batzuk eman zituzten hori ziurtatzeko: obra hasi aurretik lursailaren egonkortasun-koefizientea 1,05ekoa zela esan zuten, eta gaur, 1,30ekoa. Helburua 1,50era iristea zela gaineratu zuten.
Egonkortze-lanak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten dute, eta, ondoren, zimentazio-lanak hasiko dituzte. Eraikina eta estruktura jasotzen, bestalde, 2027aren amaieran hasiko dira, eta 2028an amaituko dituzte lanak. Emandako informazioaren arabera, proiektua hasierako berbera da, eta aldatu den bakarra sostengatzeko modua izan da.
Kezka
Auzotar talde bat "kezkatuta eta haserre" azaldu zen etxeetan eta edifizioetan agertu diren arrakalekin. Kalte horiek guztiak nork konpondu eta ordainduko dizkien galdetu zuten; izan ere, obra hasi aurretik etxeetan horrelakorik ez zeukatela adierazi zuten. Udalak esan zien arrakalen protokoloa duela horretarako; hiru protokolo jaso direla orain arte, eta beste bat ere egingo dutela zimentazioaren ostean. Lasaitasun mezua zabaldu zuten bilerako arduradunek; esanez segurtasun neurri guztiak hartzen ari direla, eta une honetan mendi hegalak daukan egonkortasun mailarekin ematen ari diren mugimenduak "milimetrikoak" direla. Bizilagunak baina urduri daude, obraren ondorioz auzoan eta, bereziki, etxebizitzetan gertatzen ari diren mugimenduekin.
Maialen Gurrutxaga alkateak Urazandiko bizilagunen kezka eta ezinegona ulertzen dituela adierazi zuen bileran: “Badakigu obren harira jakinarazitako egoerek hainbat familiatan kezka eta ziurgabetasuna sortu dutela. Euren etxeaz eta eguneroko inguruneaz ari gara, eta guretzat lehentasunezkoa da kasu bakoitza arretaz aztertzea eta behar bezala erantzutea. Mezua argia da: kalteen konponketa bermatuta dago, bai jabetza pribatuetan, bai espazio publikoan, Errezabaleko obrek eragin dituztela teknikoki egiaztatzen denean. Bizilagunek jakin behar dute ez daudela bakarrik: haien alboan gaude, kasu bakoitzaren jarraipena egiten, behar diren azalpenak ematen eta dagozkien arduradunekin konponbideak lantzen. Gure konpromisoa argia da: entzutea, gardentasunez jokatzea eta erantzun zehatzak ematea”, adierazi du.
Bizilagunei arreta
Kezka horiek guztiak jaso zituzten Udal arduradunek, eta auzotarrekiko arreta indartzeko konpromisoa erakutsi zuten. Arretarako pertsona bat jarri zuten, eta orain astero egongo da Urazandiko Txanpian, asteartetan, 13:00etatik - 14:00etara. Bizilagunek aesnaola@elgoibar.eus helbide elektronikora idatzi edo 663 035 484 telefonora deitu dezakete.
