Perugian bigarren postu bat lortuta agurtu du denboraldia Iosu Rodriguezek

Asier Orbea Ostolaza

Iosu Rodriguez Erromako koliseoaren aurrean, Perugian irabazitako bi dominak lepoan dituela.

Munduko txapelketan lehiatzea zuen helburu nagusitzat Iosu Rodriguez kulturista elgoibartarrak. Han bigarren postua lortu ostean, baina, azken txapelketa batean lehiatzea erabaki zuen, denboraldiari amaiera emateko. Hala, Italiako Perugia hirian lehiatu zen asteburuan, Ainbb Natural Bodybuilding erakundeak antolatutako Galaxy Show International Final txapelketan. 

Rodriguez bi kategoriatan lehiatu zen, profesional gisa bietan, eta zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu zituen. Mens Pro Fitness Model kategorian eskuratu zuen bigarren postua. Daniel Noe italiarrak lortu zuen urrezko domina. Hala, Salamankan jokatutako munduko txapelketan lortutako postu berak lortu zituzten bi kulturistek. 
Mens physique Pro kategorian, berriz, hirugarren postuan sailkatu zen Rodriguez. Munduko txapelketan lortu zuen kategoria horretan profesional gisa aritzeko txartela, eta hortaz, estreinaldia zuen hau. "Pozik nago, lehiakideen maila sekulakoa baitzen, denok txartel profesionalarekin goazelako", azaldu du.

Rodriguezek azaldu duenez, Europako kulturista natural profesional guztiak kontuan hartzen dituen sailkapenerako ahalik eta puntu gehien batu nahian dabiltza kulturista asko, eta berak Daniel Noerekin dauka lehia bizia. "Perugian lehiatu nintzen bi kategorietan lortu ditut puntu ugari, eta Noe ere gainditu dut sailkapen nagusian. Izan ere, urte osoa daramat maila profesionalean nazioarteko txapelketetan lehiatzen, eta puntu asko pilatu ditut izan ditudan emaitzei esker, besteak beste, urrezko domina bat eta zilarrezko bost, tartean Munduko zein Europako txapeldunorde izateagatik eskuratu nituenak". 

Iosu Rodriguez Salamankan jokatu zuten Munduko txapelketan. Arg: Angel Molinero.