ESPAINIAKO HAUTESKUNDEAK 2026

EH Bilduren garrantzia nabarmendu dute, Madrilgo gobernuak ezker politiketan aurrera egiteko

Ainhoa Andonegi Alonso

Maialen Iriarte, Olaia Duarte eta Aitziber Aranberri, atzo, Maalan.

EH Bilduk hautes-kanpainako ekitaldia egin zuen atzo Elgoibarren. Maddalen Iriarte eta Olaia Duarte izan ziren Maalan, Aitziber Aranberri Bilduko herriko ordezkariarekin batera. 

Domekan egingo dituzte Espainiako Kongresurako hauteskundeak, eta alderdi politikoak kanpaina betean ari dira egunotan. Atzo arratsaldean Maalako parkean bildu ziren EH Bilduko kideak. Maialen Iriarte Gipuzkoako Batzar Nagusietan EH Bilduren batzarkide taldeko bozeramalea eta Olaia Duarte Madrilgo Senaturako hautagaia izan ziren ekitaldian. 

Elgoibarren egin zuen atzo, azaroak 23, Gipuzkoako ekitaldi politikoa EH Bilduk. Senaturako Gipuzkoako hautagai Olaia Duartek eta Gipuzkoako bozeramaile Maddalen Iriartek parte hartu dute bertan. 

Olaia Duartek jendea "ilusio olatuan" parte hartzera deitu zuen ekitaldian. Honela zuzendu zitzaien ekitaldira batu ziren lagunei: "Gaurtik ostiralera bitartean, herri honen adimen kolektiboa antolatu behar dugu, zirrara, irribarrea eta esperantza Euskal Herriko kale, lantegi eta WhatsApp talde guztietara irits daitezen. Jendea ilusio olatu honen parte izatera gonbidatzen dugu; Euskal Herria eta bertako herritarron eskubideak defendatzen dituen komunitate honetan parte hartzera. Historiaren parte izateko gonbita egiten dizugu. Historia ez dagoelako idatzita, eta EH Bilduren aldeko botoak gauza asko alda ditzakeelako". Nabarmendu zuen Euskal Herrian bloke erreakzionarioa "irribarre batekin" garaituko dutela. "Bloke erreakzionarioa garaitzeko bermea gara. EH Bildu da bloke erreakzionarioa eserlekurik gabe uzteko boto ziurra. Eta EH Bildurekin soilik izango da posible gehiengo aurrerakoia osatzea", esan zuen herritarrei Bildurentzako botoa eskatu aurretik.

Iriartek ere faxismoari garaitzeko aukera aipatu zuen bere hitzartzean, eta zehaztu beste momentu batzuetan aurre egin dion bezala, orain ere, Euskal Herriak aurre egingo diola. Pentsiodunak, emakumeak eta langileak izan zituen berezki gogoan Iriartek bere tartean. "Astelehena da gaur, pentsiodunek kaleak hartzen dituzten eguna. Gaur ere alboan izango gaituzte. Asteazkenean ere kalera irtengo gara, indarkeria matxista amaitu behar dela ozen aldarrikatzeko. Eta igandean bozkatu egingo dugu: pentsiodunengatik, emakumeen eskubideengatik, gazteengatik eta langileengatik. Bozkatu egingo dugu Euskal Herria eta bertako herritarrak defendatzeko; etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko, prezioak jaisteko eta soldatak duintzeko". 
"Gehiago egiteko", gehiago izan beharra dagoela nabarmendu zuen, eta zehaztu EH Bildu ez dela konformatzen eskuin muturra geldiaraztearekin. "Guk ezkerreko politika anbiziotsuak egin nahi ditugu", gehitu zuen horren harira. "Azken urteotan Madrildik Euskal Herrira ekarri ditugun lorpenetan sakondu nahi dugu", esan zuen, eta horretarako "bermea" EH Bilduren aldeko botoa dela azpimarratu: "Boto ziurra delako. Batu eta biderkatzen duen ezkerra garelako: 0 kilometrokoa, zintzoa, lan asko egiten duena eta zarata gutxi ateratzen duena".