EAJko ordezkariek Lerun industrialdean dagoen Mecanizados Mandrinados Mancisidor enpresaren instalazioak bisitatuz hasi dute Elgoibarren egin duten ekitaldia. "Euskadik ezkutuko 53 txapeldun internazional ditu; 29 Gipuzkoan daude, eta horietatik sei, Elgoibarren. Ez da kasualitatea"; adierazi du Eneko Goiak, Kongresurako EAJ-PNVren Gipuzkoako hautagaiak enpresaren atarian egin dituen adierazpenetan. Goiak azaldu duenez, sektoreko enpresek egunero betetzen duten ekarpena azpimarratzeko aukeratu dituzte gaurko ekitaldirako Mancisidor enpresa zein Elgoibar, hain justu "ezkutuko enpresa txapeldun gehien biltzen dituen udalerria" izateagatik.
Goiak jakinarazi duenez, industria Euskadiko BPGren % 23 da, Europako % 17ren eta Estatuko % 14ren aldean, eta kalitatezko enpleguak sortzeaz gain, "gure herriaren ongizate maila bermatzen" duela defendatu du. Hori dela eta, ziurtatu du “EAJ-PNVk defendatuko dituela Euskadiko industriaren lehiakortasuna, inbertsioa eta etorkizuna, hemen eta Madrilen".
Goiak esan du euskal enpresa-sarea eraldaketa teknologikoko prozesu batean murgilduta dagoela, eta horri gehitu behar zaizkiola azkenaldiko tentsio geopolitikoak eta muga-zergak. Horren harira, adierazi du enpresek ziurgabetasun egoera bati aurre egin behar diotela, baina aldaketetara egokitzeko beharrezko "gaitasuna eta indarra" izan, badituztela. Gehitu du bere alderdiak, "orain, inoiz baino gehiago, enpresei lagunduko diela lehiakortasunean aurrera egiten jarrai dezaten, kalitatezko enpleguak eskain ditzaten eta dibertsifikatzeko aukerak sor ditzaten".
Zentzu horretan, Euskadiko enpleguaren egoerari balioa eman dio. Gogora ekarri du Euskadin % 6,6koa dela langabezia-tasa eta Gipuzkoan, % 4,9koa, eta aurreratu du EAJ-PNVk lehiakortasuna, modernizazioa, berrikuntza, enplegu industriala eta deskarbonizaziorako trantsizio ekologikoa sustatzera bideratutako politika ekonomikoak bultzatzen jarraituko duela. "Energia kostuak murrizteko, digitalizazio eta automatizazio prozesuetan enpresei laguntzeko eta ekoizpen jarduera eta erabakiguneak babesteko lan egingo dugu", ziurtatu du Goiak. "Enpresetatik gertu gaude, haien beharrak ezagutzen ditugu eta haiek defendatzen jarraituko dugu, hemen eta behar den tokian, Euskadiren etorkizuna gure Herriaren etorkizun industrialarekin erabat lotuta baitago", amaitu du.
Eneko Goia Donostiako alkate ohia eta Espainiako hauteskunde orokorretarako EAJren kongresurako hautagaia alderdiko hainbat lagunez inguratuta izan da Elgoibarren. Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateak eta Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako hautagaiek lagunduta egin du Mancisidor enpresara egin duen bisita. Azken horien artean zen Bittori Zabala Fernandez elgoibartarra; EAJren Gipuzkoako zerrendako bigarren hautagaia da Espainiako Senaturako. Herriko kaleetan ere ibili dira politikariak.