Begoña Santos Olmedak (Donostia, 1972) idatzitako liburua Literaturako Desnivel Sariaren finalista izan zen 2023an. Zortzi emakumeren istorioak batu ditu liburuan, haiei eginiko elkarrizketen bidez. Antolatzaileek azaldu dutenez, ahanzturatik berreskuratu ditu mendi baten eszenatokia hondoko oihaltzat duten emakume mendizale, zientzialari, aktibista eta landa-inguruneetan bizi diren emakumeak protagonista dituzten aparteko zortzi istorio. 2021eko Abuztuan talibanak agintera iristeari aurre egin behar izan zion Aqila Hashimi alpinista afganiarretik hasi eta XIX. mendean esploratzaile, mendizale eta lesbiana izan zen Anne Listerreraino, bere garaiko konbentzionalismoei aurre egin behar izan zien emakumea. Liburu honetan jasotako kontakizunek Stéphanie Besson, Flor Cuenca, Bethan Davies, Ekeney Njau, Rosario Clemente eta María Jose+ Blancoren benetako esperientziak kontatzen dituzte, protagonista bakoitzaren berezitasuna hauspotuz, haien emozioak, beldurrak, mundua ikusteko eta interpretatzeko modua.
Idazle donostiar honek biokimika ikasi zuen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, baina laster itxi zituen laborategiko ateak, aukera berriak aztertzeko. Garapenerako lankidetzan hasi zuen bere bizitza profesionala, eta hogei urte daramatza nazioarteko migrazioen esparruan lanean. Hainbat herrialdetan bizi izan da: Belgikan, Erresuma Batuan, Trinidad eta Tobagon, Perun eta Maltan.
Hainbat hedabidetan (El País, El Diario Vasco, eldiario.es, etab.) gizarte-gaiei buruz argitaratu diren iritzi-artikulu ugari idatzi ditu. Alpinismoari eta eskaladari buruzko testuak ere idatzi ditu Errimaia aldizkarirako. Mendiko Ipuinen Lehiaketan (III. edizioa) finalista izan zen 'El baile de Abdel' lanarekin.