Bertokoa eskura, hilabete bukaerako ferian

Asier Orbea Ostolaza

Hileko azken zapatuko nekazaritza eta abeltzaintza azoka egingo dute, azaroaren 28an, Elgoibarren. CATT Morkaiko taldekoek kudeatuko dute txosna hil honetako ferian.

Elgoibarren ohituta gaude ferietara, hilero egiten baitute nekazaritza eta abeltzaintza azoka. Hil honetakoak, baina, erdi aroko azokarekin bat egingo du. Hortaz, askotariko postuak egongo dira erdigunean zapatuan. Elgoibarko Baserritarren Hil Bukaerako Feria Aita Agirre plazan egingo dute. Azokan Basartesoroeta Baserria, Olaiz Txurruka, Nagore Dorronsoro, Lizundiatxabola Baserria eta Lizagasar izango dira postuak jarriko dituzten ekoizleak, 9:00etatik 14:00etara. Era berean, Artalde artisau taldekoek ere jarriko dituzte postuak, eskuz egindako produktuak saltzeko.

Txosna, CATT Morkaikok

Catt Morkaiko taldekoek kudeatuko dute txosna, eta 11:00etatik aurrera herriko baserri eta harategietako produktuekin eginiko pintxoak salduko dituzte. Eguerditik arratsaldera, ganadu-erakusketa egongo dute Aita Agirren, baserrietan egiten den lana ezagutzera emateko eta herritarrak abereengana gerturatzeko. Bertoko produktuak kontsumitzeak baserriak bizirik mantentzen dituela, ingurunea zaintzen duela eta herriaren ekonomia eta nortasuna indartzen ditula adierazi dute azokaren antolatzaileek, Udalak eta Debemenek. Azokak bertakoa erosi, dastatu eta baserritarrei laguntzeko aukera ematen duela-eta, parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak.