Laster hasiko da Abesbatzen 52. Astea Begoñako basilikan, eta bertan egongo da Ermuko Pispillu Abesbatza. Hitzordu garrantzitsua da zuretzat?
Bai, oso garrantzitsua eta tradizio handikoa. Urtero bezala, bertan egongo naiz.
Eta egunerokotasunean, zeintzuk dira zure zereginak?
Askotariko eginkizunak ditut, egunetik egunera aldatzen direnak, baina, oro har, nire betebeharrak dira ebanjelioa predikatzea, ahulak zaintzea, gaixoak bisitatzea, baztertuta edo pobrezian daudenak laguntzea eta fedea ospatzea. Horrez gain, mezak egiten ditut, hileta-elizkizunak, bataioak, ezkontzak eta konfesioak, besteak beste.
Apaiz izateko bidean daudenekin ere egiten duzu lan. Zein aholku ematen diezu?
Beldurrik ez izateko esaten diet. Jainkoak plan perfektua dauka pertsona bakoitzarentzat, eta haientzat prestatu duena ezagutzen saiatu behar dute.
Esango zenuke azken urteotan Eliza aldatu egin dela?
Eliza leiala zaio Jesusen aginduari, eta mezu hori zabaltzeko kontuan hartzen du bizi dugun momentu historikoa.
Gertatu diren aldaketetan zeresana izan du Frantzisko aita santuak?
Aita santu bakoitzak bere ekarpena egin dio Elizari. Hala, Frantziskok bultzatu du Eliza sinodala dela, guztiok egiten dugula eta guztiontzat dela.
Nolakoa da Leon XIV.a?
Oraindik goiz da, baina ziur nago poz handiak emango dizkigula.
Zein da gaur egun emakumearen eginkizuna Elizan?
Eginkizun garrantzitsua du, eta presente dago: fedearen transmisioan, pobreen zaintzan, ospakizunetan eta erabakiak hartzen diren lekuetan. Eliza aintzat hartzen ari da haren eginkizuna.
Nola ikusten dituzu egungo fededunak?
Belaunaldi bakoitza bere aroaren seme-alaba da. Gurea ere bai, bana badirudi fedearekiko pizkunde txikia dagoela.
Nola ikusten duzu zeure burua hemendik 20 urtera?
Espero dut egun dudan ilusio, poz eta fede berberak izatea.
Eta nolakoa izango da Eliza 20 urte barru?
Uste dut hemen jarraituko dugula, badakigulako norekin fidatzen garen eta itxaropena ez delako hautsiko.
Euskal Birusaren bazkidea zara aspaldidanik, eta euskaltzalea. Zein leku du euskarak zure bizitzan?
Gure Bizkaian barrena dabilen Elizarentzat oso garrantzitsua da euskara, eta, hain zuzen ere, horregatik zaintzen dugu eta maite, seminariotik hasita, zerbitzatzen dugun komunitatean erabili ahal izateko.