Zelan bizi duzu lorpena?
Pozarren, baina ez dut, inondik inora, nire meritutzat hartzen, jende asko dago honen atzean. Leire Alvarezen lekukoa hartu berri dut, eta hark oraindik zuzendaritzan jarraitzen du, lan pila egiten, gainontzeko kideak bezala. Lorpena guztiona da: laguntzen diguten enpresa eta komertzio txikiena, bereziki inplikatuta dauden familiena, zaleena... eta, nola ez, jokalariena.
Zer moduz ikusi dituzu ligan?
Nagusi izan dira denboraldi osoan eta erraz irabazi dute, matematikoki txapeldun geratuta liga bukatzeko bost jardunaldiren faltan. Aurrekoan bigarren geratu ginen eta sorpresa izan zen, eta hau jarraipena modukoa izan da. Gainera, fitxaketarik gabe lortu dugu, hori baita gure filosofia: bertako jokalariekin aritzea eta guztiak berdin tratatzea.
Hori izan da Urrezko Ohorezko Mailarako txartela lortzeko gakoa?
Horietako bat. Talde oso bateratua dugu, txikitatik ezagutzen dute elkar eta giro bikaina dago euren artean. Jokoan duten indargune bat aipatzekotan –golez aparte, bestela ez ginateke hemen egongo–, defentsan duten sendotasuna nabarmenduko nuke.

Atarrabian matematikoki txapeldun izendatu ziren egunekoa. Argazkia: Errotabarri.
Pontevedrako Cañiza taldeak hartuko ditu etxean Errotabarriren multzoko taldeak. Bazegoen Ermua egoitza izateko aukerarik?
Ez. Zaila litzateke, egin beharreko inbertsio ekonomikoagatik bakarrik. 17.000 eurotik gorako puja irabazi beharko genuke, eta azpiegiturari dagokionez ere Udal Kiroldegia txiki geratuko litzateke, seguru aski... Pozik egingo dugu Galiziarako bidaia.
Nola egingo duzue bidaia hori?
Autobusean eta denbora larregi barik, lanegun bakarra galtzeko. Azkenean, maila altu honetan egon arren, ez da futbolean bezala; jokalariak lanean, praktiketan edo ikasketekin daude, eta egiten duten esfortzu guztia baloratzekoa da benetan.
Jokalarientzako berbarik igoera fasea jokatu aurretik?
Disfruta dezatela. Batik bat, ziur nagoelako disfrutatuz gero irabazi egingo dutela.
Igoera lortuz gero, zein izango da erronkarik handiena?
Finantzaketa. Mailaz igotzeak milaka euro gehiagoko aurrekontua eskatzen du, partidak urrunago izango dira; Cartagenan, Sevillan edota Kanarietan izan daitezke. Gure asmoa da jokalari berekin jarraitzea, fitxaketarik gabe, baina, hala eta guztiz ere, gastu operatiboei aurre egin behar zaie.
Eta dirurik lortu ezean, zer?
Gure muga argia da: ez dugu kluba hipotekatuko. Igoera lortu baina beharrezko aurrekontua biltzen ez badugu, Zilarrezko Ohorezko Mailan jarraituko dugu. Gure lehentasuna Ermuko neskek eskubaloian jokatzen jarraitzea da, oinarri sendo batekin. Dena den, jokalariei esan diegu dena emateko kantxan, guk medio guztiak agortuko ditugula beharrezko dena lortzeko.
Igoera bulegoetan ere borrokatu beharko da, beraz.
Bai. Udala beti egon da laguntzeko prest, baina ez da justua dena diru publikoaren mende uztea; herrian badaude finantzaketa behar duten beste talde eta elkarte asko ere. Ermuko tabernari eta dendariek eta Lauko, Egui, Apalategui enpresek egiten dituzten aportazioei esker heldu gara honaino, eta hori da bidea. Eskualdean industria potentea dago, eta gustatuko litzaiguke bertako enpresa gehiagoren babesa izatea, laguntzaile-sare hori handitzea.
Zaleei esatekorik baduzu...
Badakigu batzuk Galiziara etorriko direla, baina ezin dutenei gogorarazi nahi diegu partidak online ikusteko aukera egongo dela. Gure sare sozialak jarraitu ditzakete, eta bertatik zabalduko ditugu zuzenekoen estekak.
Segidan, igoera faseko lehen hitzorduaren esteka. Gaur jokatuko dute, 18:45ean, Helvetia Montequinto talde sevillarraren kontra.