Ertzaintzaren Barne Arazoetako Unitateak ikerketa abiatu du Ermuan ertzain batek adingabe bati ustez eraso zioneko gertakaria argitzeko. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, unitateak uztailaren 5ean izan zuen auziaren berri, Eibarko Ertzain-etxeko buruzagitzak helarazitako informazioaren bidez.
Poliziaren esku-hartzea bide-segurtasunarekin lotutako gorabehera baten ondorioz abiatu zen. Agenteen arabera, patinete elektrikoan kontrako noranzkoan zihoan pertsona batekin egin zuten topo, eta geldiarazteko agindua eman zioten identifikatu ahal izateko. Gazteak ez omen zien agenteen jarraibideei men egin eta ez zen gelditu. Ertzaintzak azaldu duenez, adingabea atzematean gertatu zen ertzain baten ustezko erasoa.
Era berean, adingabeari zehapen-espedientea zabaldu zioten desobedientziagatik, eta trafiko-salaketa jarri zioten, patinete elektrikoarekin kontrako noranzkoan zirkulatzeagatik.
Familiak Eibarko komisariara jo zuen
Gertakariaren ondoren, adingabearen familia Eibarko Ertzain-etxera joan zen gazteak kontatutakoa egiaztatzera. Operazio-buruak salaketa aurkezteko aukera eskaini zien arren, familiak ez zuen salaketarik aurkeztu.
Hala ere, Ertzaintzaren Barne Arazoetako Unitateak gertatutakoaren berri izan ostean ikerketa abiatu du kasuaren nondik norakoak argitzeko.

Eibarko Ertzain-etxea. Euskal Industri Ondarea