Santixauak 2026 - Ermua

Dantzan eten barik eman zuten arratsa ermuarrek, mallabitarrek eta oñatiarrek

Ander Gomez 2026ko uztailaren 19a

Santixauen bueltako ohiko emanaldia eskaini zuen atzo Txindurri Txistu eta Dantza Taldeak. Arabako hainbat herritako dantzak uztartu zituzten, eta haiekin batera izan ziren Oñatiko Oñatz Dantza Taldeko kideak, bertako Corpus Eguneko dantzak erakusten. 

Bideoan, erakustaldiaren laburpena; albiste barruan, Txindurrikoek egindako ikasturteko balantzea eta etorkizunari begira dituzten kezken inguruko gogoeta, urteko azken ekitaldi nagusitzat jo duten hitzordu honen ostean.

Txindurriren ikuskizunak Orbe Kardinala plaza bete zuen euskal kulturaz, eta bertaratutakoek Arabako eta Oñatiko dantzez gozatzeko aukera izan zuten. Ermuko dantza taldeko kideek azaldu dutenez, honako hau urteko azken ekitaldi nagusia izango da. Ikasturtea oparoa izan dela nabarmendu dute: Burgosera eta Justiñanara egindako bidaiekin hasi zuten, eta, ondoren, Santa Zezilia, Olentzeroren erretzea eta Euskal Jaia etorri dira. Guztien artean, Hartza Eguneko kalejira (bideoa hemen) eta Txindurri Eguneko Antifazak ikuskizuna (argazkiak eta bideoa hemen) azpimarratu dituzte.

Hala ere, kezkatuta daude etorkizunari begira. Izan ere, horrelako ikuskizunek prestaketa lan handia eskatzen dutela gogorarazi dute, eta entseguetarako erabiltzen duten espazioa kolokan dago, edukiera arrazoiengatik. Urtez urte jendearen babesa eta feedbacka gero eta hobeak direla dioten arren, entseatzeko lekurik gabe taldearen jarduna arriskuan dagoela ohartarazi dute.

Zailtasunak gorabehera, argi utzi dute borrokan jarraitzeko asmoa dutela: "Herriarentzako euskal kultura gordetzen, mantentzen, lantzen eta dantzatzen jarraitu nahi dugu".