Goizean goiz hasi zituzten helduek Hiru Txikiaken martxa eta 42K zein 27K lasterketak. Ondoren, Aixolarako autobusa hartu zuten gazteek, eta herrigunea libre geratu zela aprobetxatuz, euren lasterketa propioa egin zuten umeek. Aurtengoan, itzuli kopurua egokitzea, lasterketa kopurua murriztea eta ume gehiago elkartzearen aldeko apustua egin zuten antolatzaileek.
Aldaketek harrera ona izan zuten, lasterketak normaltasunez gauzatu ziren eta pozik bukatu zuten umeek. Tartean, babesleen inguruko polemikak ere izan zuen presentzia, Feredu enpresaren kontrako boikota eskatzen zuten mezuekin eta Lorea Totorikari elkartasuna adierazten ziotenekin.
Bukatzean, lehen postuan, erdialdean zein azken postuetan bukatu, guztiek jostailuz eta eskolako materialez osatutako poltsa jaso zuten sari.