Txabi Arnalen azken liburua, finalista EAEko eta Estatuko literatura sarietan

Ander Gomez

Edu Zelaieta eta Txabi Arnal, Alepoko zazpi pediatrak liburuarekin. ALEX LARRETXI

Euskadiko eta Espainiako Haur eta Gazte Literatura sarietako finalista izan da Edu Zelaieta idazlearekin eta Raquel Samatier marrazkilariarekin batera sortutako Alepoko zazpi pediatrak iburua.

2016an, Mohammed Wasim Moaz hil zen, Siriako Alepo hirian geratzen zen azken pediatra, haren ospitalearen aurkako aire-eraso batean. Hamar urte igaro dira ordutik, eta gertaera hartan inspiratutako Alepoko zazpi pediatrak (Elkar, 2025) liburua Euskadiko Literatura Sarietarako hautagai izan da, baita Espainiako Kultura Ministerioak antolatutako Haur eta Gazte Literaturako Sarirako ere. Txabi Arnal ermuarrak idatzi du, Edu Zelaieta gasteiztarrarekin batera, eta bi sarietan finalista izan dira. "Bata langara eta bestea zutoinera" jo izanak pena ematen dien arren, jasotako errekonozimenduarekin pozik daudela diote.

Gainera, bigarren aldia da idazleok finalista direla Euskadiko sarian –aurrekoa, Hiru Lehoiak obrarekin–. "Ea hirugarrenean!" dio ermuarrak.

Marrazkiei ere aitortza

Martxoan, Roger Olmos ilustratzailearekin batera egindako Diez gatos aburridos liburuarekin –azaroan argitaratuko da– Fuengirola Hiriko Nazioarteko Album Ilustratuaren V. Sarian finalista izan zen. Sari nagusia lortu ez bazuten ere, accesit bat ematea erabaki zuten epaileek.

Astelehen honetan, hain zuzen, Fuengirolan izango da ermuarra. Haur eta Gazte Literatura Jardunaldien baitan, tailer bat eta hitzaldi bat egingo ditu, eta liburu berria aurkezteko aprobetxatuko du.