'El hijo de todos' grabatzen dihardute gaur Ermuan; etzi, 'Blanco' filmaren grabazioari ekingo diote

Ander Gomez

Alvaro Brechnerrek zuzendutako El hijo de todos filmaren aire zabaleko azken grabaketak egiten ari dira Ermuan. Eguenean, berriz, Felix Viscarretek zuzendutako Blanco filmaren lehenak egingo dira. Egunotan, mozketak izango dira hainbat errepide eta kaletan. Bideoan, gaurko grabaketako estrak, udaletxe parean.

Urriaren 27an hasi zituzten El hijo de todos filmaren grabaketak Ermuan. Iparragirre kalean, Orbe Kardinala plazan eta Valdespinako parkearen inguruan izan dira, besteak beste; eta, gaur, Goienkalen eta udaletxe parean grabatzen ari dira. Kaleko azken grabaketak bariku honetan egingo dituzte, 05:00etatik 18:00etara, San Pelayo inguruan eta Mallabirako errepidean. Azaro bukaeran –hilaren 25ean eta 26an– azken irudiak grabatuko dituzte, udaletxe barruan.


Joan den barikuko grabaketa, plazan.

Eguen honetan, azaroaren 5ean, Blanco filmaren lan-taldea izango da Ermuan. Hasiera batean, grabaketa guztiak egun horretan bertan egitea aurreikusi dute. Lokalizazioak alda badaitezke ere, Abeletxe aldean eta kanposatuan filmatzen izango direla jakinarazi dute.

Istorio bera, ikuspegi desberdinak

Bi filmak 1997ko udan girotuta egongo dira, eta Miguel Angel Blanco PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketaren inguruko gertakariak izango dituzte oinarri. Bakoitzak ikuspegi desberdin batetik helduko dio gaiari: El hijo de todos filmak familiaren istorioa izango du ardatz; Blanco filmak, berriz, bahiketaren berri eman zuten kazetarien lana eta bizipenak kontatuko ditu.