'Hil arte bizi' hitzaldia egingo du gaur Nere Erkiagak, Burugorri gainean

Izaro Aulestiarte Lete

Nere Erkiaga tanatologoa eta Hil Arte Bizi proiektuaren sortzailea. Arg.: Lagatakoa.

Nere Erkiaga tanatologoa eta Hil Arte Bizi proiektuaren sortzailea Itziarren izango da gaur, hilak 25. Berbaldia egingo du Burugorri gainean, 19:00etan, Heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero izenburupean.

Duela hilabete inguru, urriaren 28an, Nere Erkiagak Deban egin zuen hitzaldia, Arimen Gauaren bueltako ekitaldien baitan, eta gaurkoan Itziarren izango da. Itziarko Auzo Udalaren ekimenez, hain zuzen, Hil arte bizi. Heriotzaren aurrean hobeto kokatu gaitezke... gutxienekoa jakinez gero solasaldia egingo du Burugorri gainean, 19:00etan hasita.

Nere Erkiagak (Lekeitio, 1973) uste du heriotza modu sanoagoan bizi daitekeela, eta erronka horrekin dihardu lanean Hil Arte Bizi proiektuan, 2022az geroztik, herritarrak nahiz komunitateak heriotzaren aurrean ahalduntzeko asmoz. Adituak aurreratu duenez, besteak beste, "heriotzaren inguruan herritarrok ditugun eskubideen eta erabaki ahalmenen inguruan" hitz egingo dute gaurko saioan, "heriotzaren aurrean heldutasunez kokatu gaitezkeelako". Hizlariak ohartarazi du, hori bai, berbaldia ez dela egokia doluan daudenentzat.

Hemen irakur dezakezue urrian BARRENAk Erkiagari egin zion elkarrizketa; Hil Arte Bizi proiektuaz, heriotzaz, eta beste hamaika kontuz hitz egin genuen lekeitiarrarekin.