Zinebiren 68. edizioak euskal musikaren argi-itzalak eraman ditu pantaila handira

Erabiltzailearen aurpegia Butaka Gorria

Zinebi, Bilboko dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdiaren 68. edizioak, zinema eta euskal musikaren arteko lotura ekarri ditu. ETS – Itzal argitan eta Gatibu, agur esan barik filmak aurkeztu dituzte Bertoko begiradak sailean.

Bi proiektuak musika-dokumentalaren ohiko kontzertu-bildumatik haratago joan dira, intimitateari, prozesuari eta zikloen amaierari edo eraldaketari begiratu diote.

ETS – Itzal argitan filmak Euskal Herriko fenomeno musikal eta kultural handienetako baten erretratu gertukoa eta intimoa dakar. Hogei urte pasa dira Lekoran, Arabako herri txiki batean, hiru lagun garajean elkarrekin jotzen hasi zirenetik, eta gaur egun taldea bere unerik gorenenean dago. Baina agertoki erraldoien eta jendetza biltzen duten kontzertuen atzean, gauzak ez dira hain sinpleak. Hasierako garaje horretatik abiatuta, kideen arteko adiskidetasuna, banatzeko zorian egon ziren garaiak, arrakastak ekartzen duen pisua eta sormenaren estutasunak jarri ditu mahai gainean filmak. Fermin Aiok zuzendutako dokumentalaren protagonista Iñigo Etxezarreta, abeslaria da. Etxezarretak aurkezpenean esandakoaren arabera, oraindik ez dago estreinatzeko data baina urtarrilean iritsiko omen da zinema aretoetara.

Agur esan barik dokumentalak zuzeneko emanaldiak, artxiboko irudiak eta Gatibuko kideen une intimoenak uztartzen ditu, taldearen agurra gertutik erakusteko: 25 urteko ibilbide luzea, hamaika disko eta 800 kontzertu baino gehiago atzean utzita. Azken bira du abiapuntu eta hari nagusi, Gernikako taldearen historia errepasatzeko eta kideek publikoarekin partekatutako etapa baten amaierari nola aurre egiten dioten ikusteko.

Jabi Elortegik zuzendutako Gatibu, agur esan barik filma Donostiako Zinemaldiko 74.edizioko Zinemira sailean estreinatu zen eta Zinebitik pasa ondoren, gaur iritsiko da ohiko zinema aretoetara.