Soraluzeko familiak euskarazko ekimenetan bildu ditu Eusferak

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea 2026ko maiatzaren 20a

Jolasa, euskara eta familiak erdigunean jarrita jardun dute Eusfera ekimenaren baitan antolatutako ekintzetara hurreratu diren hamarnaka herritarrek. 

Gaztelekuko tortilla-lehiaketarekin eman zioten hasiera Eusfera ekimenaren baitan antolatutako ekintzei. Ondoren etorri ziren ludotekatik antolatutako "Kale kantoian jolasian", kantu-jolas tailerra eta "Altxorraren bila sendabelar artean". Guztietan izan dira gurasoak 0-12 urte bitarteko seme-alabekin batera parte hartzen, guztietan aritu dira elkarrekin jolasean, eta guztietan bermatu da saioa euskaraz izatea eta euskaraz ulertzen ez duten gurasoak parte sentitzeko xuxurlaritza eta bestelako tresnak erabiltzea. Euskaraz, ilusioz eta gozamenez jardun dute.

Transmisiorako bidea

Sukaldaritza, jolas herrikoiak, jolas kooperatibo berriak, kantuz egiten diren aspaldiko esku-jolasak, hatzamar-jolasak, altzo-jolasak eta korro-jolasak eta sendabelarrekiko ezagutza izan dituzte ardatz ekintza hauek. Antolatzaileek prestatutakoaz gain, bertaratu direnek haien esperientziak eta jakintzak partekatu dituzte eta elkarrekin ikasi eta gozatu dute. Guztietan aritu dira heldu eta ume buru-belarri proposamenetan eta oso giro atseginean igaro dira.

Balorazio ezin hobea

Eusferako ekintzen, Euspazioen, antolakuntza Aisialdia Elkarrekin taldetik egin da eta oraindik balorazio bateratua egin eta jakinarazi ez badute ere, saioen osteko balorazio informalak kontuan hartuta, ekintzok arrakastaz eta helburuak sobera beteta gauzatu direla adierazi dute. Harrera oso ona izan dute saioek eta parte-hartzaileen saio bukaerako balorazioa oso ona izan da. Gustura aritu dira. Hizkuntzen kudeaketari dagokionez, saioari lotutako hiztegi ilustratu sinpleak banatu dira zenbait ekintzatan eta guraso erdaldunek parte hartu duten saioetan xuxurlariek jardun dute itzulpenak egiten. Jolasak eta ekintza praktikoak izateak ere asko erraztu du giroa euskaraz izan zedin, egin beharrekoak erraz ulertu izan direlako azalpen gehiegirik gabe. Pozik, beraz, parte-hartzaileak zein antolatzaileak.