Prestaketarako tailerrekin hasiko da Soraluzeko Gaba Baltzaren bueltako egitaraua

Erabiltzailearen aurpegia Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea

Hilaren 25ean izango dira tailerrak eta dagoeneko izena emateko epea zabaldu dute. Horrez gain, "Aitatxo" dokumentala eta Gaba Baltza ospakizun komunitarioa bera ere izango dira egitarauan, besteak beste.

Gaba Baltzarekiko zaletasunak goraka jarraitzen du herrian. Aurten ere, hutsik egin gabe, urriaren 31n izango da Gaba Baltza. Aurrez baina, iazko egitarauak izandako arrakastaren ostean, lehenbiziko ekintza moduan, tailerrak egitea erabaki du "Aisialdia Elkarrekin" taldeak.

Kiroldegiko kulturgunean batuko dira eta sukaldaritza, dantza, mozorro prestaketa, makillajea eta apaingarriak egingo dituzte Gaba Baltzerako. HH4tik LH6ra bitarteko ume eta gaztetxoentzat izango dira eta 0-3 urte arteko umeentzat familiarekin egon, jolastu eta apaingarriak prestatzeko txokoa ere egongo da. Tailerrak goizeko hamaiketan hasiko dira eta bi orduko iraupena izango dute. 

Parte hartzeko izena eman beharra dago, bi bide hauetakoren bat erabilita, urriaren 21a baino lehen, eta antolatzaileek gogorarazi dutenez, plaza kopurua mugatua izango da:

- Aurrez aurre Udaleko Harrera Bulegoan, astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara bitartean.

- Online, galdetegia betez.

"Aitatxo" dokumentala, seme-alaben galeragatiko dolua aiten begiradatik

Hilaren 26an "Aitatxo - isiltasuneko ahotsak" dokumentalaren emanaldia egingo da Herriko Antzokian arratsaldeko 18:00etan. Trailerrak laburtzen du dokumentalak jasotzen duena, baina hitzez esateko, eta dokumentalaren webgunean agertzen denez "seme-alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzaren bitartez, dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean. Gizarteak duen genero begirada apurtuz. Ama gutxietsi gabe aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz." Emanaldiaren ostean, dokumentalaren ideia nagusia izan zuen Anakotz Lasarte Zangiturekin hizketaldia egiteko aukera izango da.

Ibilbide misteriotsua eta Lekittoko Deabruak Gaba Baltzean

Urriaren 31a zapatua izango da aurten. Iazko antzera, arratsaldeko 18:30ean ibilbide misteriotsua egingo da Plaza Barritik abiatuta eta bertan bukatuko da sutondoan elkarrekin beldurrak errez, kantuan eta dantzan eginez eta gaztainak janez. Ondoren, 20:30ean, Lekittoko Deabruak taldeak "Mingorri" piroteknia ikuskizuna eskainiko du herrigunean.

Ohi bezala, herriko erakunde, ikastetxe, talde eta elkarteekin batera antolatuko da egitarau guztia.