Sorpresaz jaso nuen albistea azken Barren etxera heldu zenean: Barren agurtu eta Barrenari ongietorria ematen zion aldizkariak. Amaiera bat eta hasiera bat; baina, elkarrengandik banatu gabe, ibilbide beraren parte baitira. Euskarak herritarren etxeetara bisita egiten jarraituko du astero, eskualdeko beste herriekin aldizkari bakarrean bilduta. Proiektu berri hau orain arte egindako lanaren eta ikasitakoaren erakusgarri dela uste dut.
Urtea ere azkenetan da. Mahai inguruetan ez dira faltako urtean zehar egindakoaren inguruko azalpenak edota datorren urtean beteko (ez) diren promesak. Telebista eta sare sozialetan urteko errepasoa egingo da, eta, konturatu orduko, 2026an murgilduko gara. Munduak, hala ere, bere horretan jarraituko du. Urtea amaituko da eta eskuin-muturrak beste aliatu bat izango du. Urtea amaituko da eta amaitutako gerrek herriak desagerrarazten jarraituko dute. Urtea amaituko da eta Gabonetako magiak ez ditu etxe guztiak epelduko, ez eta koloretako argiek txoko ilun guztiak argituko.