Futbola

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Almortza 2026ko apirilaren 24a

Asteburu luzea izan dugu berriki: larunbat gauean izandako lorpenak asteleheneko ospakizunera arte egin du bidea eta seguru nago makina batek astea gogotsu hasi duela, aspaldiko partez. Egun hauetarako eguraldia ere aldeko jarri dela dirudi. Azalpen gehiago eman gabe, nire gaurko gogoetan hizpide izango dudan gaia zein den argi geratu dela uste dut. Hala ere, despistatuenentzat, hementxe erantzuna: futbola.

Asteburua pasatu dut etxetik kanpo; baina ez, ez naiz Sevillan egon. Ez diot Realeko gizonezkoek jokatutako finalari jaramonik egin; baina bai, amaierako emaitzaren berri izan dut partida amaitu bezain pronto. MunduaCartujaren inguruan biraka ibili da, eta gu haren inguruan, nahi eta nahi ez.

Niri futbola txikitatik gustatu izan zait, bai ikusteko eta baita jolasteko ere. Oraindik ere gustatzen zait futbola bera, kirol gisa. Baina gero eta atxikimendu txikiagoa daukat gure inguruan hainbesteko eragina duen futbol profesionalarekin. Izan ere, gizonezkoen futbol profesionalaren egituran zerbait berria ulertzen dudan aldiro, futbolagandik gehiago urruntzen naiz, ez baita nire gustukoa ikusten dudan hori.

Futbola ez da futbola bakarrik, esan izan didate. Eta bai, guztiz ados nago, kirola baino askoz gehiago da.

Hau guztia esanagatik ere, partidarekin poztu diren ingurukoak ikusita poztu naiz ni ere, hedabideetan ikusitakoaz hunkitu naiz apur bat, eta sare sozialetan finalari buruzko edukiak ikusten jardun dut nire kasa. Ondorioz, aste hauetan ikusitako guztiak nire futbol dosia bete duela esango nuke; ezin jakin, ordea.