'Ezin da ta erosi salgai eztagoena'

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Almortza

Uste dut inoiz ez naizela hainbeste poztu euria ikusita. Egun eguzkitsuekin alaitzen naizen horietakoa naiz, baina aurtengo kurtso hasierako uda amaigabea luze joan zait. Azken aste honetako ekaitz eta euri hauekin badirudi ari garela udazkenera gerturatzen. Pentsa, sandalia eta prakamotz zalea naizen arren, armairu aldaketa egiteko desiratzen jarraitzen dut. Azken asteotan maiz pentsatu dut esnatu eta inguru bustia eta zeru grisa aurkituko dudala; spoiler-a: ez dut asmatu.

Nire egunerokotasuna azkarra eta aldakorra da, hein handi batean. Elementu ezberdin askok hartzen dute parte bertan, munduak eskatzen digun erritmora egokituz. Kurtso hasierek izan ohi duten martxa frenetikoa kontuan hartuta, ez da
harritzekoa, gainera. Etxebizitzaren eta bizitza duinen aldeko mugimenduak ere zeharo astindu du ingurua, orain arte askorentzat begi-bistakoa izan ez dena erdigunera bistaratuz.

Denbora honetan guztian isil-isilik egon dena eta poliki-poliki aldatzen joan dena, ordea, gure inguru naturala izan da. Mendira begiratu eta zelaiak lehor, errekak urik gabe, sagarrondoak pitzatuta eta hautsita, behiak jandako belarraren gainean ez dagoen jana bilatu nahian… ikusi ditut. Interesgarria da bien arteko konparaketa: gizakion mundu azkar eta zalapartatsua; naturaren mundu geldo eta isila. Biak ala biak, aldakorrak. Biak zaindu beharrekoak. Biak negozioetatik at mantendu beharrekoak. Abestiak dioen bezala: Ezin da ta erosi salgai eztagoena, ezin da ta erosi guztiona dena.