1999ko abenduaren 17an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak azaroaren 25a Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen, eta hortik aurrera asko izan dira urteen poderioz egindako aldarrikapen eta lanketak.
Urte horietako lanketa jarraiki, Debako Udalbatzak honako konpromisoak hartzen ditu:
- Indarkeria matxistaren prebentzioan lanean jarraitzeko konpromisoa, hezkidetza programaren eta sentsibilizazio ekintzen bitartez, besteak beste.
- Indarkeria matxistari erantzun integral eta koordinatua emateko konpromisoa, emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko mahaiaren bitartez.
- Espazio publiko, aisialdi-gune eta udal jarduera seguru eta parekideak sustatzeko konpromisoa, jaietako gune moreen bidez.
Era berean, debar guztioi dagokigu emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurre egitea. Indarkeria matxistarik gabeko herri bat eraikitzea ez baita erakundeen ardura hutsa; jendarte osoaren inplikazioa, konpromisoa eta jarrera aktiboa eskatzen dituen erronka kolektiboa da.
Horregatik, Debako Udalak hainbat ekintza antolatu ditu azaroan zehar, herritar talde ezberdinei zuzenduta. Ekintza horien bidez, indarkeria matxistaren inguruko kontzientziazioa eta hausnarketa sustatu, prebentzioa indartu eta herritarren partehartzea bultzatu nahi da. Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera.