Zaldibarko zabortegiko kutsadura itsasoraino iristen dela salatu dute Deban

Erabiltzailearen aurpegia Zaldibar Argitu 2026ko martxoaren 23a

Zaldibar Argitu herri plataformako kideek protesta ekintza egin zuten atzo, Deban. Honaino iristen da Zaldibarko zabortegia zioen pankarta zabaldu zuten zubian, eta Ondarbeltzerako pasealekutik zintzilikatu zuten, hondamendiak eragindako kutsadura bertan itsasoratzen dela salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari “bere ardurak bete ditzan” eskatzeko.

Zaldibar Argituk Debako zubian egindako ekintzaren bitartez, zabortegiko lixibiatuak ibaira inongo kontrolik gabe isurtzen direla eta horrek ingurumenean eta herritarren osasunean kalte larriak eragin ditzakeela salatu nahi du. 

Zaldibarko zabortegian sortzen diren lixibiatuak Ego ibaira isurtzen dira. Deba ibaiaren ibaiadar nagusia izanik, kutsatutako ur horiek Zaldibar, Ermua, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debatik igarotzen dira, itsasora heldu arte. Beraz, kutsadura udalerri horietaraino iristen dela ohartarazi nahi dugu. 

Zentzu honetan, Zaldibarko zabortegiaren egoera penagarria dela eta erabat abandonatuta dutela adierazi gura dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak 2025eko irailean Zaldibarko zabortegian egindako ikuskaritzaren arabera, euria etengabe egiten duenean lixibiatuak ibilgura isurtzen dira. Gainera, hainbat puntuetan jariatze-urak lur naturalera iragazten dira. Hori gutxi ez eta, azaleko uren, lurpeko uren eta lixibiatuen gaineko kontrolik ez da egiten.

Aipatutako guztiaz gain, Gipuzkoako Urak egindako azterketa baten arabera, 2024-2025 bitartean estoldetara isuritako lixibiatuek hainbat muga-balio gainditu zituzten: kolorea, nitrogeno amoniakala, toxikotasuna, fenolak eta guztizko nitrogenoa. Onartezina iruditzen zaigu, hondamendia gertatu zenetik 6 urte igaro direnean, halako hutsegite larriak oraindik zuzendu ez izana. 

Guztira, Eusko Jaurlaritzak 29 hutsegite identifikatu ditu Zaldibarko zabortegian. Zaldibar Argituk hutsegite horiek berehala zuzendu ditzala eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, ingurumena eta herritarren osasuna babesteko beharrezko neurriak hartzearekin batera.