Urriko Jaiak 2026

Hamabost auto eta atari bateko kristala kaltetu dituzte Urriko Jaien azken gauean

Ander Gomez

Ekintza bandalikoak izan dira Mallabian zapatutik domekarako gauean, Urriko Jaien ospakizunaren testuinguruan. Udal taldeek adierazpen bateratua zabaldu dute, gertatutakoak gaitzetsiz.

Gaur goizean, kalte materialak antzeman dituzte Mallabiko herrigunean, Urriko Jaien azken gauaren ostean. Mikel Zarate kaleko 4. zenbakiko atearen kristala apurtuta agertu da, eta inguruan aparkatuta zeuden beste hamabost ibilgailuk ere kalteak zituzten.

Mallabiko EAJ-PNVk eta EH Bilduk zabaldutako komunikatu bateratuan, horrelako jokabideak onartezinak direla adierazi dute, ondasunen jabeei ez ezik, herritarren bizikidetzari eta ongizateari ere kalte egiten dietelako.