Pilotalekuan jokatutako gizonezkoen bikotekako frontenis maratoiarekin hasi zuten Urriko Jaien bigarren eguna. Burgostik eta Soriatik etorritako Eloy Gonzalez eta Diego Melguizo bikoteak irabazi zuen finala, Mario Olarte eta Andres Jimenez errioxarren kontra. Eskualdeko txapelketari dagokionez, Andoni Aldape mallabitarra eta Endika Romero durangarra izan ziren garaile.
Eguerdian, berriz, korrika eta bizikletan hartu zuten herrigunea umeek, Zazpi Pago eta Gurasoen Elkarteak antolatutako Duatloi Txikian parte hartuz. Bitartean, helduek jan-edana soberan izan zuten Probalekuan, Mallabiko IX. Ardau Ferixean. Gazteek herri-bazkaria antolatu zuten eskolako frontoian, eta adin guztietako 100 lagun biltzea lortu zuten (argazki-galeria hemen).
Gauean, musikak hartu zuen lekukoa. Txorongo txarangak iluntzeko giroa piztuta, Fito & Fitipaldisen Corazon Oxidado tributu taldea, Nafarroa 1512 eta Naxker igo ziren parkeko taula gainera. Ostean, karpatik Herrikoko elkartera pasa ziren, eta bertan dantzan bukatu zuten gaua.