Elordik bosgarren urtez jarraian jokatuko du Binakako Txapelketa

Garazi Mendieta

Argazkia: Miguel Oses

Mallabiko aurrelariak Jose Javier Zabaletarekin hasi behar zuen txapelketa, baina Iñigo Bikuña donostiarrak ordezkatuko du gaurko estreinaldian, Bilboko Deportivon.

Aitor Elordi mallabiarrak bosgarren urtez jarraian jokatuko du Binakako Txapelketa nagusia. Hasiera batean, Jose Javier Zabaletarekin osatu behar zuen bikotea, laugarren aldiz elkarrekin. Hala ere, Etxarrengo atzelariak eskuin eskuko arazoak ditu eta ezingo du gaurko estreinaldian jokatu. Haren ordez, Iñigo Bikuña donostiarra arituko da Elordirekin batera.

Bi pilotariek 2023an irabazi zuten txapelketa, finalean Unai Laso eta Ander Imaz 22-13 mendean hartuta. Aurten ere elkarrekin aritzekoak ziren, baina Zabaletaren esku-ahurreko hiperkeratosiak aldaketak eragin ditu lehen jardunaldian. 

Aurkariak ere aldaketak izango dituzte. Peio Etxeberriak ezingo du jokatu bizkarreko arazoengatik, eta Ander Muruak hartuko du haren lekua. Horrela, Elordi eta Bikuña, Murua eta Julen Martijaren aurka lehiatuko dira gaur, 20:45ean, Bilboko Deportivon.

Neurketa ez dute zuzenean emango, baina ETB1en eta ETB1ON plataforman ikusi ahal izango da, 22:00etatik aurrera. Binakako Txapelketak zortzi bikote izango ditu aurten, eta finala martxoaren 21ean jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arenan. Elordik eta Zabaletak, behin Zabaleta osatuta, aurrerago elkarrekin lehiatzeko aukera izango dute.