Eibarko Gaztetxea itxi izana salatzeko, bertan behera laga dituzte Mendaron gaur jokatzekoak zituzten frontenis partiduak

Ainara Argoitia Arano 2026ko maiatzaren 21a

Mendaroko Gazte Asanbladak bertan behera laga ditu gaur jokatzekoak zituzten frontenis txapelketako partiduak. Hiru partidu ziren jokatzekoak gaur, emakumezkoena bat eta gizonezkoenak bi, baina antolatzaileek gaurko jardunaldia beste egun baterako lagatzea erabaki dute, Eibarko Gazte Asanbladatik iluntzerako antolatu duten mobilizaziora joateko. 19:00etan egingo duten elkarretaratzea Eibarren, Untzaga plazan.

Goizean hustu egin dute ertzainek Eibarko Gaztetxea. Euskal Herriko gaztetxeek eta gazte asanbladek Elorrion topaketa egitekoa dutela iragarri eta gutxira agindu du epaileak Eibarko Gaztetxea hustea, eta gogor salatu dute Debabarreneko gazte asanbladetatik. Hain justu ere, "gaztetxeen eta okupazioaren kontrako ofentsibari" elkarrekin aurre egiteko antolatu dute topaketa hori maiatzaren azkeneko astebururako.