Iago magoaren magia ikuskizuna iragarri du biharko Mendaroko Gazte Asanbladak

Ainara Argoitia Arano 2026ko ekainaren 29a

Ekainaren 25eko zinema gauaren ondotik, Iago magoaren magia ikuskizuna iragarri du biharko Mendaroko Gazte Asanbladak. Eskaintza herriko beste gune batzuetara eta beste adin tarte bateko jendearengana zabaltzeko ahaleginean, Mendarozabalen egingo dute biharkoa. 19:00etan hasiko da  ikuskizuna.

Esana dugu ekintza sorta zabala antolatu duela Mendaroko Gazte Asanbladak uda sasoirako. Maiatzaren hondarrean hasi zuten frontenis txapelketaz gain, bestelako kultur ekitaldiak ere antolatu dituzte, eta horietako bi asteon egingo dituzte: magia saioa bihar, asteartea, eta kontzertu akustikoa, uztailaren 5ean, domekan. Azken orduan jakinarazi dute igandean kontzertua ematekoa zuenak ezin izango duela egun horretan Mendarora etorri, eta haren ordezko bila ari dira orain. Hala ere, momentuan, igandeko hitzorduri eusten diote, talderen bat lotuko duten ustearekin.

Uztailaren 6rako (astelehena), berriz, antzerki tailerra dute lotuta. Gaztetxean egingo dute,  18:00etan hasita, eta aurreratu dutenez, antzerkiarekin lotutako jolasak-eta egingo dituzte, lotsak galtzeko eta jendaurrean garen hori lasai agertzeko. Arratsalde parteko ekintzak izango dira horiek guztiak, baina eskaintza gau partera zabaltzeko, aurten, gaubela ere egingo dute estreinakoz. Kanpin dendak eta zakuak hartu eta Santa Kurutz parkera igotzea da asmoa, bertan gaua pasatzeko. Ez dute ekintza honen inguruko argibide gehiegirik eman, baina zehaztu dute batzen den jendearen arabera lotuko dituztela jolasak-eta. Era berean, argitu dute kanpalekua goizean goiz jasotzea izango dela biharamuneko plana, asteguna izanda jende batek lanera joan behar izango duelako. 

Plaza dantzan saioa eta Bertsotan Gixez bertso-trama

Plaza dantza ikastaroa ere errepikatuko dute aurten. Uztailaren 14an egin asmo dute, Gaztetxe aurreko aparkalekuan. "Santa Ana jaiak ere badatoz laster eta asmoa zera da: aurtengo jaietan inor ez gelditzea dantzarik egin gabe, fandangoa edo arin-arina ez dakizkilako", zehaztu du Naia Aizpurua asanbladako kideak. Mendaroko Gazteak dantza taldeko kide diren asanbladakideek emango dute tailerra,  eta bi orduko iraupena izango du. "Iaz, tailerra egin genuen egunean danborradako entsegua izan genuen askok eta behar beste ikasi gabe amaitu genuen tailerra. Alde horretatik, gazi-gozoa izan zen, eta horregatik, aurten, bi orduko ikastaroa izatea adostu dugu. Gaztetxe aurreko aparkalekuan egingo dugu eta, iaz bezala, jende asko inguratuko balitz, bi talde egingo genituzke, erosoago aritzeko".

Bertsotan Gixez bertso-trama ere egingo dute aurten, uztailaren 17an, Herriko Enparantzan, 20:30ean hasita. Lau bertsolari arituko dira bat-batean kantuan, gazte asanbladako kide batek jarritako gaiei eta egoerei erantzunez. Libe Goenaga (Getaria, 1999), Andoni Rekondo (Hernani, 1999), Suhar Gesalaga  (Azpeitia) eta Elixabet Etxandi (Izpura, 2000) dira gonbidatutako bertsolariak. Egun horretan bertan zabalduko dute Gazte Asanbladakoek santanetan jarri ohi duten txosna ere, bertso-trama hasi aurretik dutelako muntatzekoa ere. Eta horretan ariko direla baliatuta, oinarrizko prestakuntza bat ere emango diete herriko gazteei, sekula txosnan zerbitzen ibili ez direnak ere lanean jartzeko, horixe baita gazte asanbladaren egiteko modua: txandaka-txandaka denek lan egitea antolatzen diren kontuetan, jaiez ere denek gozatu ahal izateko.

Azkenik, uztailaren 23an, frontenis txapelketako finalak jokatuko dituzte.