Esandakoa baino apur bat beranduago hasi zen playback lehiaketa, eta hasterako, plaza betea zen jendez. Kuadrilla Eguneko egitarauko ekintza nagusietako bat izan ohi da urtero, eta halaxe izan zen atzo ere. 36 kuadrillak parte hartu zuten paella lehiaketan, eta seik bildu zuten oholtzarako ausardia. Sei kantu interpretatu zituzten, eta seirak euskarazkoak. En Tol Sarmientoren Aukera Berriak kantuarekin hasi zuten lehiaketa Beti Goguakin kuadrillakoek, eta Takolo, Pirritx eta Porrotxen Riki-riki kantuarekin amaitu zuten azkenek. Tartean izan ziren pailazoen kantu gehiago ere, bai eta zumba saio bat eta Zea Maysen Elektrizitatea ere.
Playback lehiaketaren ondoren, Iruñeko Maruxak taldearen kontzertuaz gozatu zuten, eta haien ondotik, erromeria izan zuten Mugi Panderoak taldekoekin.