Herriko Enparantzan trafikoari jarritako mugak mantendu egingo ditu Mendaroko Udalak

Ainara Argoitia Arano

Autoak aparkatuta Herriko Enparantzan. Arg.: Udala

Astegunetan Herriko Enparantzan motordun ibilgailuekin sartzeko ordutegia 08:00etatik 12:30era mugatu zuen Mendaroko Udalak joan zen urte amaiera aldera, aldi baterako. Probaldia amaituta, balorazio positiboa egin dute, eta, ondorioz, ordutegi hori mantentzeko erabakia hartu dute.

Mendaroko espazio publikoaren inguruko Kaleak DenONAK planean jasotakoan oinarrituta hartu zuen erabakia Udalak. Plan hori diseinatzeko, hainbat bilera egin zituzten herritarrekin, eta han jasotakoari erantzuten dio erabaki honek. Herriko bizitzarako gune nagusitzat jo zuten herritarrek Herriko Enparantza, eta bereziki, haur, edadetu eta pertsona kalteberentzako "leku lasaiagoa, seguruagoa eta osasuntsuagoa" bihurtu behar zela eskatu. Hala, motordun ibilgailuentzako sarrera mugatu zuen Udalak Herriko Enparantzan sei hilabeterako, proba gisa. Probaldi hori amaituta, balorazio positiboa egin dute.