Sustoa izan dute gaur Zuloaga baserrian. Su hartu dute pareta arteko argindar kable batzuk, eta, hasieran, ke txikia eta denborarekin, ke handiagoa irteten hasi da. Hori ikusi dutenean, larrialdi zerbitzuei abisatu diete etxekoek eta 15:30ak aldera bertaratu dira suhiltzaileak, ertzaintza, Udaltzaingoa eta anbulantzia.
Ikusmira handia eragin du gertakariak, baina zorionez, suhiltzaileek kontrolpean hartu dute sutea. 16:15 inguruan Oñatiko parkeko suhiltzaileak joan egin dira eta Eibarko parkeko suhiltzaileak geratu dira bertan sua guztiz kontrolatuta geratzen dela ziurtatzeko.